Elgoibarko Nazioarteko 25. Xake Txapelketa abenduaren 14tik 20ra bitartean jokatuko dute

Barren.eus 2015ko aza. 23a, 19:01

Elgoibarko Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketa 25. ediziora ailegatu da aurten. Abenduaren 14tik 20ra bitartean udaletxeko pleno aretoan jokatuko dituzte partidak nazioarteko hamar xakelarik, eta horien artean izango da Gustavo Barrenetxea elgoibartarra, hirugarren urtez jarraian.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Zubi-Ondo xake elkarteak eta Euskal Xake Federazioak antolatzen dute Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketa. Estreinako edizioa 1991. urtean jokatu zen, eta honenbestez, 25. ekinaldia izango da aurtengoa. 25 urteotan 28 herrialdetako xakelarik hartu dute parte Elgoibarko torneoan eta 16 xakelarik lortu dute garaipenen bat edo gehiago. Oleg Korneev errusiarrak lortu ditu garaipen gehien, sei guztira. Azer Mirzoev (Azerbaijan, 1978) xakelariak ere hiru bider jantzi du txapela Elgoibarren. 

Iaz, azken partida erabakigarrian Ismael Teran xakelari sevillarrari irabazi ostean, Patrice Etchegarai lapurtarrak irabazi zuen Elgoibarko Maisuen Nazioarteko 24. Xake Txapelketa. Gustavo Barrenetxea elgoibartarrak txapelketa aparta jokatu zuen iaz. Parte hartzaile guztietan ELO puntazio baxuena zuen xakelaria izan arren, ia amaierara arte torneoa irabazteko aukerak izan zituen. Elgoibarren lorturiko puntuei esker, Nazioarteko Maisu izensapena eskuratu zuen.

•Nazioarteko hamar xakelari
Aurten Elgoibarrera etorriko diren xakelariak zein izango diren ezagutarazi dituzte antolatzaileek. Hona hemen hamar xakelarien izen-abizenak: Angel Arribas (Espainia), Misa Pap (Serbia), Jaime Santos Latasa (Espainia), Ider Borya (Frantzia), Ori Kobo (Israel), Dragan Paunovic (Serbia), Santiago Gonzalez De La Torre (Euskal Herria), David Astasio (Euskal Herria), Gustavo Barrenetxea (Euskal Herria) eta Patrice Etchegarai (Euskal Herria).

2015 11 23 2014 12 19 patriceetchegarai

2015 11 24 xake2014 gustavo

Lotura duten albisteak: