2018ko Mugertza krosa irabazi zuen Agnes Tirop keniarra labankadaz hilda aurkitu dute bere etxean

Barren.eus 2021ko urr. 15a, 12:12

Kenya mendebaldean dagoen Iten herrian bizi zen Agnes Tirop, 25 urteko saltakari keniarra, eta bere etxean hilda aurkitu dute, ustez labankaden eraginez. Itxura guztien arabera, indarkeria matxista kasu bat izan da, eta atxilotu egin duten bere senarra da susmagarri nagusia.

Mugertza krosak 75 urte bete zituen ekitaldian lehiatu zen Elgoibarren Agnes Tirop. Bigarren postuan gurutzatu zuen helmuga marra Mintxetan, Ruth Jebeten atzetik, baina doping kasu bategatik (EPOa atzeman zioten) lau urterako zigortu zuten Jebet, eta 2017ko abenduaren 1etik aurrera lortu zituen garaipen eta emaitza guztiak baliogabetu zizkioten, tartean 2018ko Mugertza krosean lortutako garaipena. Hala, bigarren egin zuen Tirop ageri da urte hartako irabazle. Tirop oso gaztetatik hasi zen atletismoan nabarmentzen, Munduko Kros Txapelketa irabazi baitzuen 2015ean, Guiyang-en, Txinan, 19 urte besterik ez zituela. Gaur egun munduko atletarik onenetarikoa zen iraupen ertaineko lasterketetan. Besteak beste, errepideko 10 kilometrotako munduko errekorra ondu zuen, orain dela hilabete eskas, Alemaniako Herzogenaurach herrian jokatutako proban, 30 minutu eta 29 segundoko denbora eginda. Tokioko Olinpiar Jokoetan ere hartu zuen parte eta laugarren egin zuen 5.000 metroko lasterketan.

Mugertza kroseko antolatzaileek Agnes Tiropen irribarrea eta adeitasuna gogoan dituztela nabarmendu dute "albiste beldurgarri" honen berri izan ostean sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan. Keniako Atletismo Federazioak baieztatu zuen Tiropen heriotza, eguaztenean zabaldu zuen komunikatu batean. Bertan argitu dutenez, sabelaldean labankadak jaso izanaren zantzuak zituen Tiropen hilotzak. Keniako polizia Emmanuel Rotich bere senararren bila ari zen hasieratik, susmagarri nagusia delakoan, eta eguen gauean atxilotu zuten.

2021 10 15 agnes tirop mugertza krosa 2018 elgoibar bostekoa barren

2021 10 15 agnes tirop mugertza krosa 2018 elgoibar podiumean barren