Leire Egaña Euskadiko txapeldun eta Ivan Bello txapeldunorde ehiza xehean

Barren.eus 2021ko urr. 15a, 13:06

Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan gertatu zen modu beretsuan, Euskadikoan ere aurreneko postuetan sailkatu dira Elgoibarko ehiztariak.

Joan den urriaren 10ean jokatu zuten Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa, Zambranako (Araba) El Castillo ehiza barrutian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako urteko ehiztaririk onenak aritu ziren lehian eta Asier Arrizabalaga Ansak astebete lehenago jokatu zen Gipuzkoako txapelketan lortutako garaipena errepikatu zuen, senior gizonezkoen mailan. Txantxangorri elkarteko ehiztari hernaniarrak hamar eper ehizatu zituen. Ivan Bello Serna elgoibartarra sailkatu zen bigarren postuan, Gipuzkoako txapelketan gertatu zen moduan. Hortaz, txapeldun eta txapeldunorde berberak eduki dituzte Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek. La Union elkarteko ordezkariak sei eper eta galeper bat ehizatu zituen. Mikel Iturralde ehiztari bizkaitarrak egin zuen hirugarren. Beste bi elgoibartar ere lehiatu ziren. Arkaitz Egañak zazpigarren egin zuen eta 11. postuan sailkatu zen David Conde.

Emakumezkoetan Leire Egaña Bastida gailendu zen, eper bat eta bi faisai ehizatuta. Asteburu honetan, urriaren 15ean eta 16an, emakumeentzako Espainiako VIII. Ehiza Xehe Txapelketan lehiatuko da ehiztari elgoibartarra Campo de Criptana (Ciudad Real, Espainia) herrian jokatuko den lehian.
Junior mailan ere La Union elkarteko ehiztari bat izan zen onena Euskadiko Txapelketan, Urko Garcia Martija debarra, hain zuzen ere. Beteranoetan Jose Tejedor bizkaitarrak jantzi zuen irabazlearen txapela. Mauro Gonzalez mendaroarra sailkatu zen laugarren eta Joxe Mari Egaña bosgarren.

2021 10 10 ehiza euskadi txap leire egana umiak

∞Lotura duten albisteak