Txirrindularitzarako zaletasuna zuten herriko bi koadrilek, -Beti Egarrik eta Umore Onak- sortu zuten Gure Bide Txirrindulari elkartea 1959. urtean, Elgoibarren "pedalaren kirola bultzatzeko" asmoarekin. Handik gutxira, 'I. Gure Bide Proba Handia' deitu zioten ziklo-kros proba antolatu zuten Elgoibarren. Sasoi hartako txirrindulari entzutetsuenek hartu zuten parte 1960ko urtarrilaren 3an jokatu zen lasterketan, eta Anton Barrutiak irabazi zuen. Angel Mugica izan zen sailkapeneko lehen elgoibartarra. Eratu berri zuten Gure Bide Txirrindulari Elkartea izeneko txirrindulari taldearekin lehiatu zen. Mugicarekin batera Jose Luis Ansola elgoibartarrak eta Isidro Arroitajauregi markinarrak osatzen zuten taldea.
Beste garai batzuk ziren eta halaxe ziren txirrindularien baldintzak ere. Bizikletak garraitzea beharrezkoa zenean, Jose Maria Aguirre elkarteko lehen presidentearen Citroen autoa erabiltzen zuten, baina batzuetan lasterketetako irteerara bizikletaz ere joaten ziren. Gogoan zuten adibidez Berangon jokatutako lasterketa bat. Bilbo ondoko herriraino bizikletaz ailegatu ziren eta bebarru batean arropak aldatu zituzten, Gure Bideren jantziekin lehiatzeko. Ibilbideak zuen zirkuituari 27 bira eman ostean, bigarren egin zuen Angel Mugicak, eta Jose Luis Ansola lehenengo hamarren artean sailkatu zen. Lasterketaren amaieran, berriro jantziak aldatu eta bizikletaz itzuli ziren Elgoibarrera. Emaitza onak lortu zituen taldeak estreinako urte hartan. 1960ko uztailaren 31n Araian jokatutako 80 kilometroko lasterketan hartu zuten parte taldeko hiru txirrindulariek eta Jose Luis Ansola gailendu zen, 1. eta 2. mailako amateurrentzako proban. Pirinioetako Nazioarteko Txirrindularitza Itzuliaren bigarren ekitaldian ere lehiatu ziren. Kantabria, Aragoi edo Iparraldeko eta Landetako txirrindulariz osatutako selekzioak lehiatu ziren itzulian, eta horiekin Gure Bide taldea osatu zuten bost txirrindulari. Gure Bide taldearen lehen urte hartan, 52 lasterketetatan lehiatu zen Angel Mugica, eta Berangokoarekin batera Orion lortu zuen 3. postua eta Getarian lortutako bigarren postua nabarmendu behar dira. Denboraldi amaieran Touring-Caoba taldeak fitxatu zuenean laga zuen Mugicak herriko taldea.
Gure Bide Elkateak 50 urte bete zituenean, 2009. urtean, kaleratu zuten "Gure Bide Elkartea 1959-2009" liburuan daude jasota Angel Mugicaren eta bera moduan txirrindularitzan aitzindari izan zirenen lekukotzak eta bizipenak. Koldo Lizarraldek eta Laurentzi Gorostizak idatzi zuten liburua.
Ondorengo bi argazkiak Gure Bide Elkarteak 1960ko urtarrilaren 3an Elgoibarren antolatu zuen 'I. Gure Bide Proba Handia' ziklo-kros probakoak dira. Angel Mugica izan zen sailkapeneko lehen elgoibartarra, eta Gure Bide elkarteko lehen presidentea izan zen Jose María Aguirreren eskutik jaso zuen garaikurra.