Eskualdean errugbia zabaltzeko batu dituzte indarrak Eibarko eta Mutrikuko errugbi taldeek

Barren.eus 2021ko ira. 29a, 06:16

Eibar Rugby Taldea eta Mutriku Rugbyk elkarrekin jokatuko dute 18, 12 eta 10 urtez azpiko mailetan."Zerbait handia sortzea da asmoa, Debabarrenean elkarrekin lan egingo duten talde-sare sendoa osatzea. Pausu hau bide luze baten hasiera da soilik”, adierazi du Eibar Rugby Taldeko kirol-zuzendari Gaston Ibarburuk.

Denboraldi honetan 18, 12 eta 10 urtez azpiko mailetan jokatuko duten arren, bi taldeen helburua da eskualdean errugbiak duen presentzia handitzea eta kirol hau sustatzea.

“Eskualdeko haur eta gazte guztiei errugbia eta bere balioak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera ematea da helburua, eta errugbia eskualdeko kirol erreferente bihurtzea”, dio Paulo Coutok, bateratzearen arduradunetako batek.

Alex Barrenetxea, Mutriku Rugby Elkarteko lehendakaria, izan da proiektu honetan gehien sinistu duen pertsonetako bat eta, bere berbetan, “Debabarrenean errugbia gehiago ezagutaraztea da helburua. Hedatzeko lan handia dugu egiteko. Ilusio handia dugu eta uste dugu oso aberasgarria izango dela denontzako”.

2021 09 29 errugbia eibar taldea emak

2021 09 29 errugbia mutriku