Udatik udazkenera atzeratu dute Kirol Argazkien XVII. Lehiaketa

Barren.eus 2021ko ira. 22a, 09:25

Abian da Elgoibarko Kirol Argazkien XVII. Lehiaketa. Udatik udazkenera atzeratu dute antolatzaileek, pandemia dela-eta. Lehiaketaren gai nagusia kirola izango da, bere arlo zein modalitate guztietan.

Abian da, beste urte batez, Elgoibarko kirol argazkien lehiaketa. Aurtengoa lehiaketaren XVII. ekitaldia da, eta Elgoibarko Udalak (Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Saila eta Kirol Patronatua) eta Ongarri argazkilari elkarteak antolatu dute elkarlanean.
Lehiaketa udatik udazkenera atzeratuta, parte-hartzaileek argazkiak egiteko kirol ikuskizun, lehiaketa eta ekintza gehiago izango dituztela aukeran uste dute antolatzaileek. Interesa duen orori dago zuzenduta, haur, gazte zein nerabe, profesional edo zaletu orori, eta gai nagusia, noski, kirola izango da, bere arlo zein modalitate guztietan.
Lanak Olaizaga kiroldegian aurkeztu beharko dira (32. posta kutxatilan) azaroaren 26rako. Argazki bakoitzaren atzean izenburua edo leloa eta zein mailatara (herritarrak, gazteak, orokorra) aurkezten den adierazi beharko da, eta horrekin batera, partaidearen datuak kartazal baten barruan.

Mailak eta sariak:

HERRITARRENTZAKO SARIA: Elgoibarren bizi direnek aurkeztutako argazkirik onena sarituko da.

  • Saria: 200 €


GAZTEENTZAKO SARIA: 18- 30 urte bitarteko gazteak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak.

  •  1. saria: 300 €
  • 2. saria: 200 €


SARI OROKORRA: 30 urtetik gorakoak, Elgoibarren nahiz kanpoan bizi direnak.

  • 1. saria: 300 €
  • 2. saria: 200 €

 

 • Erakusketa, Kultur Etxean
Epaimahai batek aukeratuko ditu argazki saridunak abenduaren 1etik aurrera, eta horiekin argazki erakusketa bat egingo da Kultur Etxean abenduaren 10etik 18ra bitartean, 18:30etik 20:30era. Sari banaketaren berri, aurrerago emango du Udalak.

Azken edizioetako irabazleak: