Beteranoentzako Espainiako Judo Txapelketa irabazi du Egoitz Morak

Barren.eus 2021ko ira. 20a, 15:50

Judoka beteranoentzako Espainiako Txapelketa jokatu zuten, asteburuan, Villares de la Reinan (Salamanca, Espainia), eta urrezko domina eskuratu zuen Egoitz Mora Ulazia judoka elgoibartarrak. 2018an belaunean min hartu eta gero lehiatzen zen lehen txapelketa zuen.

Euskadiko selekzioa ordezkatu zuen Egoitz Morak Beteranoentzako Espainiako Judo Txapelketan. Judoka elgoibartarra 100 kiloz gorakoen kategorian lehiatu zen, eta garaipen argia lortu zuen, jokatu zituen hiru borrokaldiak ippon bidez irabazita. Euskadiko eta Asturiaseko (ikus Crespo asturiarraren aurkako borrokaldia) ordezkariak gainditu zituen lehenengo, eta finalean Valentziako ordezkari Francisco Ferri Sarriori irabazi zion. (ikus hemen finaleko borrookaldia bideoan)

Honakoa ez da Morak irabazten duen aurreneko titulua, ezta bere ibilbidean lortu duen garrantzitsuena ere, baina berezia izan da 39 urteko judokarentzat, belauneko barne lotailu gurutzatua apurtu zuenetik parte hartu duen aurreneko txapelketa izan baita. 2018ko Euskadiko Judo Txapelketako finalerdietako borrokaldian hautsi zituen lotailuak. "Ikututa joan nintzen txapelketa hartara, belaunean zerbait gaizki zegoela igartzen bainuen. Lotailuak hautsi eta gero, operatu gabe errekuperatzea erabaki nuen, eta bidea luzea izan bada ere sentsazio onekin itzuli naiz beteranoentzako txapelketa honetatik, ondo ikusi dut nire burua. Kanpotik ere hala ikusiko ninduten, beteranoentzako Munduko Txapelketara joateko esan baididate, baina oraingoz ez da hori nire asmoa. Ekainean hasi nintzen berriro entrenatzen eta abuztuan egin ditut txapelketa honetarako entrenamenduak. Lehen egunak oso gogorrak izan zirela aitortu beharra dut; horrenbeste denbora geldik egon izanagatik eta maskararekin aritu beharragatik, besteak beste".

Txapelketetan lehiatzen jaraitzeko asmoa du judoka elgoibartarrak. Gipuzkoako eta Euskadiko judo txapelketa nagusietan parte hartuko du, urrian eta azaroan, hurrenez hurren.

2021 09 20 egoitz mora podiuma espainia txap judo salamanca 1

∞Lotura duten albisteak: