Hugo Aznar txirrindulari nafarrak irabazi du Valentin Romeraren Oroimenezkoa

Barren.eus 2021ko ira. 20a, 08:37

Junior mailako txirrindularirik onentsuenak lehiatu ziren, zapatuan, Valentin Romeraren Oroimenezko Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketaren 41. ekitaldian. Hugo Aznar izan zen azkarrena 86 kilometroko ibilbidea osatzen.

Hugo Aznar Vijuesca nafarrak (Quesos Albeniz) irabazi zuen zapatuan Mintxetan hasi eta amaitu zen Valentin Romeraren Oroimenezkoa. Tropeletik ihes egin eta bakarrik helmugaratu zen Corteseko txirrindulari gaztea. Aznarrek Gipuzkoako Junior Itzuli prestigiotsua irabazi zuen ekain bukaeran, doi-doi, segundo-ehuneneko batzuen aldeagatik. Elgoibarren garaipen argiagoa eskuratu zuen, 18 segundoko aldea atera baitzion helmugan bigarren postuan sailkatu zen Ibai Azanza Buruscori (Beola Motor) eta minutu eta zortzi segundu sartu zizkion hirugarren egin zuen Owen Lighfoot (Velo Club Rutland) txirrindulari britaniarrari. Guztira 68 txirrindularik lortu zuten proba bukatzea. sakanako Quesos Albeniz talde nafarrak irabazi zuen taldekako sailkapena.

2021 09 18 valentin romera lasterketa elgoibar podiuma lagun taldea

 • Etxeko txirrindularien emaitzak
Etxeko txirrindulariei dagokionez, Elgoibarko Lagun Taldeako bost txirrindularik hartu zuten parte lasterketan, horietako hiru oraindik kadete mailakoak diren arren. Beñat Fernandez Loiolak eskuratu zuen posturik onena. Fernandezek bederatzigarren postuan gurutzatu zuen helmuga, irabazlearengandik 1:51ra. Jokin Amorrosta Arriolak ere lan oso ona egin zuen, eguneko ihesaldi garrantzitsuenean sartzea lortu baitzuen honek ere. 19. postuan sailkatu zen. Kadete mailako txirrindulariek igarri zuten koska handia dagoela maila bat eta bestearen artean. Eneko Ortegak ez zuen zortea alde izan matxura batek jokoz kanpo laga baitzuen. Era berean, Aitor Arranzek eta Aritz Esnaolak ere ezin izan zuten proba bukatu.
Antolatzaileak pozik daude lasterketak partaidetza handia eduki zuelako eta gustura daude maila handiko proba izan zelako. Proba antolatu ahal izateko laguntza eman dien bolondres eta laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkiete Lagun Taldeako arduradunek. Era berean, Jokin Amorrostari eta Beñat Fernandezi zorterik onena opa diete aurki hasiko duten etapa berrian, junior izateari lagako baitiote denboraldi amaieran.

2021 09 18 valentin romera lasterketa elgoibar jokin beñat

Euskal Txirrindularitzaren ataria den www.txirrindulariak.com atarikoek youtubera igo dute Elgoibarko lasterketaren laburpen-bideoa

∞Lotura duten albisteak: