Mikel Gurrutxaga: “Bizimodu bera egiten jarraitzeko aukera ematen zidalako onartu dut Ceutaren eskaintza”

Barren.eus 2021ko ira. 15a, 13:02

Azken urteak Europa iparraldeko futbol taldeetan egin ditu Mikel Gurrutxaga Barruetabeñak (Elgoibar, 1996), Finlandia, Estonia eta Lituaniako liga txapelketetan, hain zuzen ere. Orain, dezente hegoalderago dagoen Ceutan jarraituko du bere futbol ibilbidea.

Umetan hasi zen Mikel Gurrutxaga elgoibartarra futbolean C.D. Elgoibarren, eta berehala fitxatu zuen S.D. Eibar taldeak. Hamabi bat urte egin zituen talde armaginean, eta handik Amurriora joan zen jokatzera. Han zegoela, Alavesek Finlandiako JS Hercules taldea erosi zuen, eta hara joateko aukera eskaini zieten taldekide batzuei. Ez zuen birritan pentsatu: maleta egin eta Finlandiara abiatu zen. Harrezgero, herriade eta kultura desberdinak ezagutzen ari da futbolari esker. Finlandiatik Estoniako Paide Linnameeskond futbol taldera joan zen jokatzera, eta joan den martxoan Lituaniako liga ezagutzeko aukera izan zuen FK Süduva taldeak fitxatu baitzuen. Orain, Ceutaraino eraman du futbolak, Afrika iparraldeko espainiar subiranotasuneko autonomia hirira. A.D. Ceuta taldeak fitxatu du Gurrutxaga. Mailaz igotzea lortu zuen aurreko denboraldian eta RFEF Bigarren Mailan lehiatzen ari da orain.

 • Europa Iparraldetik dezente hegoalderago eraman zaitu futbolak oraingoan. Nola iritsi zara Ceutara?
Beno, iparraldean jarraitzen dut oraindik ere, baina Afrika kontinentearen iparraldean. Lituanian nengoela Ceuta futbol taldera joateko aukera sortu zitzaidan, abuztu erdialdean. Nire bizimoduarekin jarraitzeko aukera ematen zidan, ikasketekin jarraitzekoa, neskalagunarekin batera esperientzia berri bat bizitzekoa, eta hortaz, pozik jaso nuen Ceutaren eskaintza. Hona etortzeko gogoa eman zidan, eta horixe da garrantzitsuena. Lehen moduan orain ere etxetik urrun egoten jarraituko dut, baina hemengo hizkuntza eta kultura gertukoagoak egiten zaizkit, eta horrek asko errazten du eguneroko bizimodua. Andaluziarrez beteta dago Ceuta eta Euskal Herriko bizimodutik gertuago dago azken urteetan bizileku izan ditudan Europa Iparraldeko herrialde baltikoetatik baino.

 • Ikasketekin jarraitzen duzula esan duzu.
Bai, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nuen eta master bat egiten ari naiz orain, kirol psikologiari buruzkoa, goi mailako futbol errendimenduan aplikatzeko. Beti gustatu izan zait goi mailako kirolean horren garrantzitsua den alor psikologiko hori.

 • Futbolaria izanda eta horrenbeste taldetatik pasa ostean, teoria praktikara eramateko abantaila duzu.
Praktikatik ondorio nagusienak nire buruagandik atetatzen ditut. Bidai emozional bat bizi dugu kirolariok, futbolariok kasu honetan, eta nire bizipenek asko laguntzen didate ikasten nabilena hobeto ulertzeko. Eta noski, taldekideen bizipenak ere baliagarriak zaizkit psikologiak futbolean duen pisua eta garrantzia ikusteko eta ulertzeko.

 • Ze alde dago Baltikoko futbol liga eta Ceuta lehiatzen den Espainiako Ligako bigarren B mailaren artean?
Finlandian egon nintzenean ez nuen hango gorengo mailan jokatu, baxuagoan baizik. Aldiz, Estonia eta Lituanian hango lehen mailetan lehiatzeko aukera izan nuen, eta gainera, bi herrialde horietako talderik onentsuenetan. Hor maila handia zen. Dagoena da desberdintasun handia talderik onenak eta gainerakoen artean. Aurrekontu handiagoa dute talderik onenek eta kanpoko jokalariak fitxatu ditzakete, taldea hobetzeko, eta talde txikienek ez dute aukera hori. Hala eta guztiz, Espainiako Bigarren B mailan ere maila altua dago, eta Ceutarekin edo Estonian eta Lituanian ezagutu ditudan mailak nahiko parean daudela esango nuke.

2021 09 08 mikel gurrutxaga AD ceuta fitxaketa

 • Nola hasi duzue denboraldia?
Ligako bi jardunaldi jokatu ditugu. Lehenengoan 2-3 galdu genuen etxean. Ezin okerrago hasi genuen txapelketa. Partidako lehen orduerdian hiru gol jaso genituen arren, sentsazioak berreskuratzea lortu genuen bi gol sartuta. Meridaren aurka jokatu genuen bigarren partida, gure multzoko faboritoetako bat eta berdinketa garrantsitzua eskuratu genuen lehen jardunaldiak laga zizkigun tentsioak askatzeko. Andaluziako taldeak, Kanariar Uharteetakoak eta Extremadurakoak izango ditugu aurkari gure taldean.

 • Nola ari zara moldatzen taldera?
Berandu ailegatu naiz taldera, aurre denboraldi guztia egina zutenean, eta desabantaila bat da hori niretzako. Fisikoki nire mailarik onena ematera iristeko prestatzen ari naiz orain, taldeari ahal dudanean laguntzeko. Oso gustora nago taldekideekin, klubarekin eta baita orain arte Ceutan ikusi dudanarekin ere. Oso hiri polita da.

2021 09 15 mikel gurrutxaga ad ceuta taldeagaz hasiera

 • Nolako hiria da Ceuta? zer aurkitu duzu?
Oso oso hiri desberdina iruditu zait. Duen kokapen geografikoa dela-eta, nahastuta bizi dira kultura eta erligio desberdinekoak. Kulturaniztasun handiko hiria da: musulmanak, juduak, katolikoak eta hinduak bizi dira hemen lur zati txiki batean. Berehala uxatzen zaizkizu izan ditzakezun aurreiritziak elkarrekin bizitzera horren ohituak daudela ikusten duzunean. Hainbeste jende desberdin lasai eta ondo bizi dira toki berdinean. Xarma handikoa izateaz gainera, irakaspen handia dela uste dut. Berez ez da oso hiri handia. Erdialdeak penintsulako ukitua du, etxeek eta. Erdigunetik aldendu ahala, kultura desberdinetako auzoak daude, arabiar estilokoak, hinduak. Eta, azkenik "El Principe" izeneko auzoa dago, oso ezaguna egin dena narkotrafikoagatik eta delinkuentzia handiagatik. Ceuta urez inguratuta dago eta ikusteko asko du, era guztietako eraikuntza erligiosoak, esaterako. Muino baten gainean dagoen alde zaharrak dituen bistak ere oso politak dira. Maroko ikus daiteke, penintsula, oso gertu dagoen Tarifa... Aitortu behar dut ez nuela Ceutari buruz ezer ezagutzen, abentura bat bizitzera etorri nintzen eta egiza esan oso pozik nago hemen topatu dudanarekin. Ezin daiteke konpara Sevilla bat edo Donostia batekin, baina hain da desberdina bere xarma duela.

 • Horko klima ere eskertuko zenuen.
Ez dakit ba zer esan. Entrenatzeko eta futbolean jokatzeko klima oso gogorra da hemengoa, beroa eta hezetasuna ez dira kirolariren lagunik onenak. Entrenamendu bakoitzean ia bi kilo inguru galtzen ditut. Futboletik kanpo bai, plan gehiago egiteko aukera ematen du hemengo klimak eta itsasoz goza daiteke.

∞Lotura duten albisteak