Herri askotariko xakelariek hartuko dute parte Mintxeta Xake Txapelketan

Barren.eus 2021ko ira. 13a, 12:37

Lehen Iriondo tabernan jokatzen zuten xake txapelketa Mintxetako tabernan jokatuko dute, irailaren 27tik aurrera. Eta, leku aldaketak ez ditu xakelariak uxatu, alderantziz.

Zubiondo Xake Taldeak Iriondo tabernan antolatzen zuen txapelketak xakelari asko batzen zituen, 50 inguru jokatu zuten azken ekitaldian, 2019an. Taberna itxi behar izan zuten, baina, eraikina bota eta etxebizitza berriak eraikitzen dihardutelako. Txapelketak Mintxetan izango du jarraipena aurrerantzean, tabernaren laguntzarekin antolatu baitu Zubiondok I. Mintxeta Xake Txapelketa. Lehen edizioak harrera oso ona eduki du xakelarien artean eta plaza bat bakarrik gelditzen da libre, 49 lagunek eman baitute izena irailaren 27an hasiko duten txapelketan. Leku askotatik etorriko dira xakelariak, besteak beste: Mendaro, Eibar, Soraluze, Deba, Azpeitia, Azkoitia, Urnieta, Zestoa, Elorrio edo Donostia. "Esango nuke ez dagoela Euskal Herri osoan halako parte hartzerik duen lagun arteko txapelketarik", nabarmendu dute antolatzaileek. Askok errepikatuko dute, bederatzi baitira lehen aldiz arituko duiren xakelariak. Hori bai, izena emanda dauden 49 lagunetatik hiru bakarrik dira emakumeak. "2019ko edizioan emakume bakarra zegoen eta orain hiru dira, kopuru horrek gora egiten jarrai dezala espero dugu. 2019ko txapelketan parte hartu zutenek oso pozik aritu zirela esan ziguten", esan dute.

Iriondon zuen formato bera edukiko du txapelketak. Maila desberdinetan banatuko dituzte parte hartzaileak: lau maila eta azkenengoak bi multzo izango ditu. Maila batetik bestera jaitsi edo igotzeko aukera izango dute, lortutako emaitzen arabera. Txapelketaren arrakastaren arrazoietako bat dela mailakatze hau uste dute antolatzaileek, xakelariei euren pareko maila duten aurkariekin lehiatzeko aukera ematen dielako eta beti delako sari moduko bat goragoko mailara igotzea.

 • Umeentzako xake eskolak
Zubiondo Xake Taldea umeentzako xake eskolak ematen hasiko da aurki, urritik aurrera. Astelehen eta asteazkenetan izango dira klaseak, 18:00etatik 19:00etara. Beste saio bat ere jarriko dute aukeran, astearte edo ostegunetan izango da, hori ere 18:00etatik 19:00etara. Iker Ruiz eta Mikel Leon izango dira xake irakasleak. Interesatuek honako telefono zenbakiko watsappera idatzi behar dute izena emateko: 637 737 113 (Mikel).

∞Lotura duten albisteak: