Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 09 03 danel jauregi skaterra basarte elgoibar barren aldizkariaIMHko skate parkean egin dugu hitzordua Danel Iriondo skaterrarekin. Azkarateko bide zaharretik behera entzun dugu patinete hotsa, eta hantxe agertu da, errubera gainean, berari gustatzen zaion moduan. 15 urte ditu, eta ia oinez ikasterako hasi zen patinetean ibiltzen. Gurpil gainean ibiltzea du pasio, irrist egitea. Skate-a, surfa eta snowa praktikatzen ditu, besteak beste. (bideo-elkarrizketa dauka)

 

 • Noiz hasi zinen skate-ean ibiltzen?
Ume-umetatik hasi nintzen patinetean ibiltzen. Niretzako desplazatzeko modu bat zen patinetea, leku batetik bestera azkarrago eta errazago mugitzeko modua. Plazatik Maalaraino edo ikastolara joateko erabiltzen nuen patinetea. 6 bat urterekin hasiko nintzen. Asko gustatzen zitzaidan patinetean ibiltzea, ikusten nuelako gutxiago nekatzen nintzela oinez joaten baino. Irrist egiteko kirolak gustatzen zaizkit niri: skate-a, surfa, snow-a... Surfa ere umetatik egiten dut. Paipoarekin hasi nintzen probatzen, eta zutik jartzen nintzen! Hori ikusita, surf ikastaroan eman nuen izena Deban, eta berehala erosi nuen surferako tabla. Skate-a eta surfa biak gustatzen zaizkit izugarri, baina surfean olaturik ez badago ezin da ezer egin. Neguan, snow-a ere egiten dut elurretan. Fisikoa entrenatzeko korrika ere egiten dut.

 • Nolako patinetearekin hasi zinen?
Hasieratik skate-arekin hasi nintzen. Gaur egun ume gehienek eskuekin helduta joateko patinete horiek dituzte, baina nik horrelakoa berandu probatu nuen, eta berehala aspertu nintzen gainera. Niri skate estilokoa gustatzen zait, betikoa. Astigarraga kirol dendan erosi zidaten nire lehenengo patinetea, eta berri-berri zegoela lapurtu egin zidaten Urazandiko skate parkean. Sekulako disgustoa hartu nuen. Orain hiru patinete erabiltzen ditut bereziki, eta beste bi zahar ditut gordeta. Azkenaldian modan jarri da surfeko mugimenduak imitatzen dituen patinetea. Horietako bat ere badaukat, eta modalitate horretako klaseak eman ditut. Ondo daude patinete horiek, baina niri betiko skatea gustatzen zait gehien.

 

2021 09 03 danel jauregi skaterra basarte elgoibar barren aldizkaria posean

 • Skate eskolak emateko eskaini duzu zure burua. Animatu al da jendea?
Lagun batzuk animatu dira, baina ez gehiegi. Ez daukat prisarik, eta poliki-poliki pentsatzen dut jende gehiagok emango duela izena.

 • Zuri norbaitek irakatsi dizu ala zure kabuz ikasi duzu skatean ibiltzen?
Nire kabuz hasi nintzen skate parkera joaten eta praktikatzen ikasi nuen. Han ibiltzen zirenei begira, bideoak ikusten eta orduak sartzen. Arratsalde osoa pasatzen nuen Urazandiko skate parkean bueltak ematen, eta azkenean horrela ikasten da. Jende asko ezagutu dut skate-ari esker, lagun asko egin ditut eta elkarri laguntzen diogu hobetzeko, baina garrantzitsuena orduak sartzea da. Orduak eman eta golpeak hartzen ikasten da. Belaunak babestekoak baditut, baina mugitzeko traba egiten didate eta normalean ez ditut janzten. Orain truko berriak ikasi nahi ditut eta erabili beharko ditut. Aldapetan saltoak egitea gustatzen zait eta horretarako garrantzitsua da babestea. Golpe asko hartutakoa naiz, baina sekula ez dut lesio handirik izan.

 • Zer ematen dizu skate-ak?
Nire pasioa da, eta libre ditudan ordu guztiak eskaintzen dizkiot skate-ari. Jende pila bat ezagutu dut kirol honi esker, lagunak egin ditut, eta plan pila bat egiten ditugu skate-aren bueltan. Aurtengo udan furgoneta batekin joan gara lagun batzuk Portugalera oporretan, eta Landetara ere sarri joaten gara skate-a edo surfa egitera. Nire inguruan lagun gehienak futbolean edo eskubaloian aritzen dira, eta ni ere ibili nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen. Kontaktu askoko kirolak dira eta kontaktu hori ezin nuen jasan. Ez naiz ni baloi zalea izan. Pilotan ere ibili izan naiz, eta beste kirol batzuk ere probatu ditut, baina niretzat ez dago skate-a modukorik.

 • Skate park berria egin dute IMHn. Ba al dago Elgoibarren kirol honetarako zaletasunik?
Jendea ibiltzen da IMHko skate parkean, baina gehienak nire adin bueltakoak direla esango nuke. Debatik eta Eibartik ere etortzen dira gazteak, baina umeak ez dira asko ibiltzen. Umeak beste mota bateko patineteekin ibiltzen dira, eskuekin heltzen diren patinete horiek ikusten dira asko umeen artean, baina skate-a ez dute askok erabiltzen. Elgoibarren orain dela gutxira arte ez zegoen leku aproposik skate-a praktikatzeko. Orain IMHko parkea egin dute, eta asko poztu nintzen hau egin zutenean. Etxetik gertu daukat, eta Urazandin zegoena baino hobeto dago, baina hala ere, ez da konpletoa, elementuak falta zaizkio. Bowl hau ondo dago, baina street parke bat falta zaio. Bowl-ean aldapak dira gehienak, eta street parkean barandak eta kajoi gehiago jartzen dira akrobaziak egiteko. IMHko gune honek ematen du aukera horrelako parke bat egiteko. Bowl-ean banaka ibili behar da, hori da araua. Barruan dagoenak dauka lehentasuna, eta gainerakoek txanda itxaron behar dute. Bi modalitate desberdin dira, baina niri biak gustatzen zaizkit. Ni asko joaten naiz inguruko herrietako skate parkeetara, Eibarrera esaterako.

 

2021 09 03 danel jauregi skaterra basarte elgoibar barren aldizkaria b1

2021 09 10 danel iriondo skaterra elgoibar zarautzen

2021 09 03 danel jauregi skaterra basarte elgoibar barren aldizkaria 1

2021 09 03 danel jauregi skaterra basarte elgoibar barren aldizkaria b2

Argazki Lehiaketa 2021

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza