Anaitasuna taldeko neskak eta mutilak gailendu dira Gojko Vucinic eskubaloi txapelketan

Barren.eus 2021ko ira. 8a, 11:59

Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa eta Kantabriako kadete mailako 320 jokalari eta teknikarik hartu zuten parte, aurreko asteburuan, Elgoibarren jokatu zen Gojko Vucinic Elgoibar Herria eskubaloi txapelketan. Anaitasuna talde nafarrak lortu zuen garaipena, bai nesketan eta baita mutiletan ere.

Bederatzi kirol-taldetako hamasei eskubaloi talde lehiatu ziren Olaizaga eta IMH kiroldegietan, eta Anaitasunak ekarri zituen bi taldeak nabarmendu ziren guztietan. Nesketan, Eibar E.B. taldearen aurka jokatu zuen finala Iruñeako taldeak, eta nagusitasunez irabazi zuten, 24-13ko emaitzarekin. Sanloko kadeteen taldeak eskuratu zuen hirugarren postua, podiuma erabakitzeko partidan Ermuko Errotaberriri 21-18 irabazita. Zarautzeko taldeak sailkatu zen bosgarren postuan eta Ereintza, Pulpo eta El Pendo-Camargo taldeek osatu zuten nesken txapelketako sailkapena.

Mutiletan Zarautz eta Anaitasuna ailegatu ziren finalera, eta 21-18 gailendu ziren nafarrak. Ereintzak egin zuen hirugarren eta Pulpok laugarren. Eibar, Urola, Sanlo (Urkunde) eta El Pendo-Camargo taldeak sailkatu ziren bosgarrenetik zortzigarren postuetara, hurrenez hurren.

Sari banaketa ekitaldian gogoan eduki zuten Gojko Vucinic eta lora sorta bat eman zioten bere emazte Natasari. Era berean, txapelketako atezainik onena saritzeko Vuci Trofeoa ere banatu zuten, goi mailako atezaina izan baitzen Vucinic. Pulpo taldeko Andrea Saezek jaso zuen saria nesketan eta Urola taldeko atezain Ander Arratibelek mutiletan. Txapelketako Jokalari Onenaren Sariak, berriz, Julen Eceizak (Zarautz) eta Izaro Martiarenak (Ereintza) jaso zituzten. Azkenik, talde guztietako ordezkariek jaso zuten oroigarri bana.

*Argazkiak: Iñaki Aragon.

2021 09 05 gojko vucinic eskubaloi txap Elgoibar arg Inaki aragon

2021 09 05 gojko vucinic eskubaloi txap Elgoibar garaikurrak arg Inaki aragon

2021 09 05 gojko vucinic eskubaloi txap Elgoibar lorasorta arg Inaki aragon

2021 09 05 gojko vucinic eskubaloi txap Elgoibar anaitasuna irabazleak arg Inaki aragon

2021 09 05 gojko vucinic eskubaloi txap Elgoibarko tald Urkunde Salento Gelati arg Inaki aragon

∞Lotura duten albisteak: