Haundik irabazi du Arrasate Hiria txapelketa, eta kadeteek Eibar Hiria Sari Nagusia triangularra

Barren.eus 2021ko ira. 6a, 14:03

Sasoi betean hasiko dute denboraldia Club Deportivo Elgoibarreko taldeek. Haundi eta 1. mailako kadeteak gailendu dira Arrasaten eta Eibarren jokatutako lagunarteko txapelketetan, eta emakumeen taldeak ere garaipen argia eskuratu zuen Urdaibairen aurkako lagunartekoan. Haundik asteburuan hasiko du liga txapelketa.

Debagoienako hiru talderen aurka neurtu zituen indarrak Haundik Arrasate Hiria txapelketan, eta elgoibartarrek lortu zuten garaipena, finalean Bergarari irabazita. Mojategi futbol zelaian jokatu zuten Lauko txapelketako lehen partidan Mondraren aurka jokatu zuten elgoibartarrek eta 0-1 irabazi zuten. Bergararen aurka jokautako finalean banako berdinketarekin amaitu zen arauzko denbora, mahoneroek azken unean berdinketa lortu eta gero, eta penaltietan irabazi zion Haundik Bergarari. Elgoibarrek hiru penalti jaurtiketa sartu zituen eta Bergarak, berriz, bi. Bergarako atezaina, Andoni Escalona aukeratu zuten finaleko jokalari onena. Aurredenboraldian maila ona ematen ari da Haundi, bai abuztuaren 28an Mintxetan jokatu zen Elgoibar Herria Futbol Txapelketan, eta baita Arrasate Hiria txapelketan ere.

2021 09 05 arrasate hiria futbola haundi danak cd elgoibar

 • Kadeteak nagusi Eibarren
Era berean, lehen mailako kadeteen taldeak ere garaipena lortu zuen Eibar Hiria Sari Nagusia Triangularra lagunarteko futbol txapelketan. Lehenik, 1-0 irabazi zieten C.D Urkiri eta 3-1 Debako Amaikak Bat taldeari. Eibartarren eta debarren arteko lehian, azken hauek gailendu ziren 3-2ko emaitzarekin.
Azkenik, emakumee taldeak ere jokatu zuen lagunarteko partida bat, Gernikako Urbieta futbol zelaian. Elgoibarrek 0-6 irabazi zion etxeko taldeari, Urdaibairi.

2021 09 04 cd elgoibar kadeteak txap Eibar hiria
 • Mondraren aurka hasiko du Haundik Liga txapelketa
Datorren asteburuan hasiko da Ohorezko Erregional mailako Liga txapelketa. Haundik Mondraren aurka jokatuko du lehen jardunaldian, Mintxetan. Zapatuan izango da neurketa, 16:30ean. Ohorezko mailako kadeteek ere jokatuko dute Mintxetan, zapatuan, 18:45ean, Urolaren aurka.

Lagunarteko partidak Mintxetan:

  • 1.MAILAKO KADETEAK- BERGARA (Larunbata, irailak 11, 10:00etan)
  • ERREGIONALA - IKASBERRI (Larunbata, irailak 11, 12:00etan)
  • NESKA NAGUSIAK - AMAIKAK BAT (Igandea, irailak 12, 12:00etan)