Edu Ibarzabal: “Kirol olinpikoa izatera iritsiko da slackline-a”

Barren.eus 2021ko ira. 3a, 14:01

San Rokeko ermita aurreko berdegunean aurkitu du paradisua Edu Ibarzabalek (Elgoibar, 1992). Pontevedran (Galizia) egin ditu IVEF ikasketak eta han bizi da. Estibadore lanetan aritzen da, itsasontzietan zamalanak egiten, eta lanak uzten dion denbora librea bere pasioari eskaintzen dio: Slackline kirola praktikatzen du. Lasaitasun lerroa esan nahi du zehazki slackline hitzak, eta kontraesana dirudien arren, soka gaineko tentsioak lasaitasuna ematen dio gorputzari.

Orain dela bost urte deskubritu zuen Eduk kirol modalitate hau, 23 urterekin. Soka gainean tente jarri eta pausotxo batzuk ematen hasi zen lehenengo, eta gaur egun sekulako akrobaziak egiten ditu. Txapelketaren batean eta slackline ikuskizunetan parte hartu izan du, azkenekoz, uztailean, Soraluzen. Bizipoza ematen dio kirol honek.

 • Noiz eta nola hasi zinen slackline-a praktikatzen?
Valladoliden ikasten nengoela deskubritu nuen. IVEF ikastera joan nintzen Valladolidera eta eskalada egiten zuen lagun baten bitartez ezagutu nuen kirol hau. Parke batean geratuta zeudela esan zidan, eta probatzera joan nintzen. Lehenengo aldi hartan oso zaila iruditu zaitzaidan, jende gehienari bezala, baina interesa piztu zidan. Sei bat hilabete geroago, beste saiakera bat egin nuen lagun batekin Sallobenten, eta orduan soka gainean bospasei pauso ematea lortu nuen. Garai hortan, hain justu, El desafio filma ikusi nuen. Frantses batek dorre bikiak zeharkatzen ditu zinta baten gainean, eta pila bat gustatu zitzaidan. Benetako gertakari batean oinarritutako filma da, eta hori ikusi ostean, zinta erosi nuen, praktikatzen hasteko. Gero, Galiziara joan nintzen ikastera, eta han jarraitu nuen slackline-ari egurra ematen.

 • Eskalada egiten zuen lagun batekin hasi zinela esan duzu, eta hain zuzen ere, eskalatzaileek deskubritu zuten kirol hau, ezta?
Bai, eskaladarako oso ondo etortzen da, oreka izugarri lantzen delako. Estatu Batuetan sortu zen kirol hau, Yosemiten, 80ko hamarkadan. Andy Lewis izan zen kirol honetan aitzindaria. Eskaltzaileek orduak ematen zituzten aparkalekuetan eskalatu aurretik edo ondoren, eta denbora pasatzeko hasi ziren soka gainean oreka lantzen, baina kirol askotarako balio du oreka lantzeak, eta baita bizitzarako ere. Nik honi buruz egin nuen ikasketa amaierako lana, eta dituen onura guztiak jaso nituen. Oreka lantzeaz gain, burua lasaitzen laguntzen du eta artikulazioetako lesioak prebenitzeko ere balio du.

 • Zein ezaugarri behar dira slackline-a praktikatzeko?
Motibazioa, indarra eta konstantzia behar dira. Ez du apartekorik eskatzen, nire ustez, baina kirol gogorra da. Zinta gainean 30 segundu trukoak egiten egotea eskubaloi partida bateko bost minutu izan daitezke. Indar handia behar da, eta orduak sartzea, beste kirol guztietan bezala. Ni behin baino gehiagotan egon izan naiz zortzi ordu jarraian entrenatzen. Kirol asko egin izan dut nik beti. Atletismoan, futbolean eta eskubaloian jokatutakoa naiz, eskalatzen ere ibili nintzen hiru urtez Valladoliden, eta beti dena ematen duten horietakoa naiz. Mendira joaten ere oso gazte hasi nintzen, baina argi daukat hau dela nire kirola. Slackline jarduera deskubritu nuenean argi ikusi nuen hau betirako izango zela, eta ahal dudan bitartean honekin jarraituko dudala. Oso perfekzionista naiz, eta kirol honek ematen dit beti hobetzen saiatzeko aukera.

 • San Rokeko berdegunean ibiltzen zara asko. Zer dauka leku honek zuretzat?
Hauxe da nire tenplua. Hemen pasatzen ditut orduak eta orduak soka gainean, eta hemen lortu dut truko gehienak ateratzea. Hemen hasi nintzen, eta oso leku berezia da niretzat. Soka azpian koltxoiak jartzen ditut ariketa zailak egiteko: bestela, oso arriskutsua da. Leku lasaia da hau, eta slackline-a praktikatzeko oso leku egokia. Herrian bertan dago, eta jendeak ez dit inolako arazorik jartzen hemen entrenatzeko. Eskertzen dut jendearen jarrera. Leku asko dira bereziak, eta kirol honek leku oso politak deskubritzeko aukera ematen du, beti naturarekin harremanetan, baina San Rokeko berdegune hau da niretzako bereziena.

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar barren azkuen1

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar barren azkuen

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar barren

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar azkue barren barrez

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar aartistikoa barren

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar jauziah barren

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar ibaian

2021 09 03 edu ibartzabal slackline elgoibar sukaldean barren