Ioseba Arrizabalaga "Iriarte" zenaren omenez jokatu dituzte aurten Elgoibarko Kintopeko idi probak. Iriarte izan zen Sigman probalekua eraiki izanaren sustatzaile nagusienetarikoa eta baita kintopeko txapelketa hauek martxan jartzeko arduradunetako bat ere.
Hiru egunetan hamar idi pare lehiatu dira Elgoibarren VII. Kintopeko idi proba txapelketan, abuztuaren 27an, 28an eta atzo, abuztuaren 30ean. Sigmako probalekuan giro "polita" egon dela jakinarazi dute txapelketaren antolatzaileek eta ikusleek ondo erantzun dutela. Lehiari dagokionez, Lemoizko Txinloren idi parea gailendu da, 57 plazako marka egin zuten atzo jokatutako saioan. Elgoibarko proba Saizar txapelketarako puntuagarria izan da. Hona sailkapen nagusia:
- Txinlo (Lemoiz) 57 plaza.
- La Cruz (Gatika) 56 plaza, 2 zinta eta 1,84 metro
- Garagartza Elkartea (Laukiz) 55plaza eta 4.25 metro.
- Oliden (Orio) 54 plaza, 2 zinta eta 1.39 metro
- Iñaki Lopategi (Billeta) 51 plaza
- Tabernakua (Oromiño) 42 plaza, zinta bat eta 4.86 zm
- Bixkiak (Errezil) 42 plaza
- Akuleti (Bermeo) 39 plaza 3.93 metro
- Olatzar Eraikuntzak (Lezo) 37 plaza.
- Intxaurburu (Hernani) 32 plaza.
• Ioseba Arrizabalagari omenaldia
Atzo jokatu zuten hirugarren eta azken jardunaldiaren ostean sari banaketa ekitaldia egin zuten, eta horrez gainera omenaldia egin zioten joan zen urtean hil zen Ioseba Arrizabalagari. Sigma probaleku elkarteak eta Gipuzkoako probazaleek senideei lora sorta eta oroigarria eman zieten.
Argazkiak: Ibon Errazu.