Laboral Kutxa taldeko txirrindularia profesionalekin lehiatu berri da Tour du Limousin lasterketan. Izan ere, Euskaltel-Euskadi taldearen bi 'stagiare' izango dira aurten, Laboral Kutxaren harrobitik igota, eta horietako bat da Etxeberria, Unai Iribarrekin batera. Etxeberriak pedal kolpe arina ekarri zuen Frantziatik Elgoibarrera, eta bera izan zen indartsuena estreinakoz Idotorbe gainean amaitu zen Etxaniz Memorialean. Bost txirrindulariz osatutako taldetxoa irabazlearengandik 18 segundora ailegatu zen Idotorbeko helmugara, horien artean etxeko txirrindularia, Imanol Alvarez (Eiser-Hirumet) elgoibartarra. Tamalez, gainerako iheskideek aurrea hartu zioten taldetxokoek jokatu zuten esprintean. Unai Esparza Garin (Lizarte) sailkatu zen bigarren postuan eta Xabier Isasa Larrañaga sailkatu zen hirugarren postuan. (ikus sailkapena)
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Helduz Torneoko hirugarren proba puntuagarria izan zen Elgoibarren jokaturikoa.
Lasterketari irteera eman aurretik, 2019ko irailean hil zen Koldo Lizarralderi omenaldi txiki bat egin zioten Gure Bide elkartekoek eta Elgoibarko Udaleko ordezkariek, Etxaniz Memorialaren antolatzaile aktiboenetako bat izan baitzen urte askoan Lizarralde. Lizarralderen omenezko aurreskua dantzatu ostean, lora sorta bat eta oroigarria jaso zuten Lizarralderen senideek, eta lasterketari hasiera eman zion zinta ere moztu zuten. (Omenaldiko argazkiak Elgoibarko Udalaren webgunean)
∞Lotura duten albisteak:
- Koldo Lizarralde gogoan izango dute estreinakoz Idotorbe gainean amaituko den Etxaniz memorialean (2021-07-24)
Euskal txirrindularitzaren ataria da www.txirrindulariak.com-ekoek sarera igotako labuepen bideoa: