Sona handiko atletez gainera, izar distiratsu bihurtzeko ahala duten saltakari gazteak ere ekartzen dituzte Mintxeta atletismo taldekoek Mugertza krosean lehiatzera, artean horren ezagunak ez direnean. Horixe da Selemon Barega eta Jacob Kiplimo gazteen kasua, bete-betean. Etiopiarrak eta ugandarrak sekulako lehia eduki eta eskaini zuten 2018ko Mugertza krosean, artean 18 urte zituztela. Barega nagusitu zen Mintxetan. Gaur ere urrezko domina irabazi du Selemon Baregak, Tokioko Olinpiar Jokoetan baina. 10.000 metroko lasterketakoa izan da gaur hasi duten atletismoko lehian jokoan egon den lehen urrea, eta 27.43.22 izan da Baregaren marka. Duela hiru urte Baregak Elgoibarren irabazitako lasterketan bigarren egin zuen Jacob Kiplimo sailkatu da hirugarren postuan (27.43.88). Kiplimoren herrikide Joshua Cheptegeik eskuratu du zilarrezko domina (27.43.63), hau ere Mugertza krosaren aspaldiko ezaguna. Izan ere, Cheptegeik irabazi zuen 2017ko Mugertza krosa. Hortaz, Elgoibarren izandakoak eta nabarmendutakoak dira 10.000 metroko lasterketan podiumera igoko diren hiru antxitxikariak. (Tokion jokatu duten 10.000 metroko lasterketa hemen ikus daiteke)
Mintxeta atletismo taldekoak pozik daude, eta krosean izandako atletek Olinpiar Jokoetan lortutako plenoa "sinestezina" dela adierazi dute. Atletismoan aditua den Miguel Calvo idazleak Mugertza krosari buruz esaniko honako hitzak gogora ekarri dituzte: "Lehenbizi Elgoibarren irabazi behar da jainkoen bedeinkapena jasotzeko, eta gero elezahar olinpikoan sar zaitezke. Historiak aurrera jarraitzen du".
∞Lotura duten albisteak:
- Mugertza krosean aritutako atletek urrezko lau domina irabazi dituzte Dohan, Munduko Atletismo Txapelketan (2019-10-08)
- Goi mailako atleten bisita jaso zuten Ludotekako umeek (2019-01-11)
- Jebet eta Barega gailendu dira krosaren osagai guztiak eduki dituen 75. Mugertza krosean (2018-01-14)
- Senberi Teferi etiopiarra eta Joshua Cheptegei ugandarra gailendu dira Mugertza krosean (2017-01-22)