Udako Kirol Campusaren balorazio "oso positiboa" egin du Kirol Patronatuak, eta Covid-19aren eragina murritza izan dela zehaztu

Barren.eus 2021ko uzt. 28a, 15:15

Joan den barikuan, uztailaren 23an, amaitu zen bost astean egin duten Udako Kirol Campusa, eta balorazio "oso positiboa" egin du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak.

Patronatutik azpimarratu dutenez, haur eta gazteengan eragin handia izaten ari den koronabirusaren bosgarren olatu honek ez du "ondorio handirik" eduki aurtengo kirol campusean parte hartu duten 247 umeengan eta hamasei monitoreengan. "Talde bat hamar egunez konfinatuta egon zen eta beste talde bateko zortzi haurrengan azken egunean izan du positibo batek eragina. Bi fokoak Kirol Campusetik kanpo sortu dira", adierazi dute arduradunek. Hartu diren prebentzio neurriak, batez ere musukoaren derrigorrezko erabilerak, aire librean eta talde finkoetan aritzeak eta monitoreek antigeno probak egiteko aukera izateak, oso emaitza onak eman dituela arrazoitu dute.

Aire librean egin dituzte kirol jarduera gehienak, baina eguraldi txarra egin duenean Olaizagako eta IMHko kirol instalazioak ere erabili dituzte.
 • 2021-22 ikasturteko kirol ikastaroen eskaintza
Igeriketa, zumba eta spinning ikastaroen gaineko balorazioa ere egin dute. Igeriketa ikastaroetan 30 haurrek eta 13 helduk parte hartu dute eta 10 gaztek zumba eta spinning ikastaroetan. Hauetan ez du eraginik izan Covid-19ak. Udal Kirol Patronatutik aurreratu dutenez, abuztu amaieran emango da ezagutara 2021-22 ikasturteko kirol ikastaroen eskaintza berria.

2021 07 28 udako kirol campus elgoibar bizikletan mintxeta

2021 07 28 udako kirol campus elgoibar eskalada olaizaga

∞Lotura duten albisteak: