Koldo Lizarralde gogoan izango dute estreinakoz Idotorbe gainean amaituko den Etxaniz memorialean

Barren.eus 2021ko uzt. 24a, 18:29

Gure Bide elkarteak antolatzen duen Etxaniz memoriala txirrindulari lasterketaren 74. ekitaldia bertan behera gelditu zen iaz pandemia dela-eta. Aurten berriro antolatuko dute, eta berrikuntzekin itzuliko dira.

Ohi moduan, San Bartolome Bezpera Egunean, abuztuaren 23an, jokatuko da, 9:00etatik aurrera. Irteera eman aurretik, 2019ko irailean hil zen Koldo Lizarralderi omenaldi txiki bat egingo diote Gure Bidekoek. Lizarralde elkarteko bazkidea zen eta Etxaniz Memoriala lasterketako antolakuntza taldekoa zen. Lasterketaren alde lan handia egin zuela adierazi zion BARRENi Manu Condek, Lizarralderen heriotzaren berri izan ostean, antolakuntza lanetan makina bat ordu eman baitzituzten biek elkarrekin. "Etxaniz memorialeko ibilbidean aldaketaren bat egin behar genuela esan eta ez zuen ibilbide osoa errepasatu arteko onik izaten. Dena ondo zegoela ziurtatu behar zuen. Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziora ere makina bat ostera egin genituen elkarrekin, eta paper artean zenbat ordu ez ote ditu pasa! Gizon jakintsua zen”.
 • Helmuga Idotorben
Etxanizen oroimenezko txirrindulari lasterketak 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatu onenak batzen ditu, eta Lehendakari Txapelketarako zein Udako Kriteriumerakoa proba puntuagarria izango da. Txirrindulariek 131,6 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatu beharko dute, eta hiru bider igo beharko dute Azkarate gaina (410 metro), azken igoera helmugara ailegatzeko 12 kilometro baino gutxiagoren faltan. Galbahea pasatzen duten txirrindulari gogorrenak lehiatuko dira 3,8 kilometroko azken aldapa gogorrean, Idotorbe gainean egongo baita helmuga estreinakoz. Antolatzaileek argitu dutenez, jende pilaketak sahiesteko atera dute helmuga herrigunetik, Pedro Migel Urruzuno kalean egon izan baita helmuga azken urteetan. Helmugara ez gerturatzeko eskatu dute antolatzaileek, jende pilaketak saihestea dagokielako.

2019an, jokatu den azken lasterketan -orain arteko azkenengoa-, Francisco Galvan Fernandez (Lliça d'Amunt, Barcelona, 1997) txirrindularia gailendu zen.

2021 07 23 perfila etxaniz memoriala