Caixabank Masters pilota txapelketako bi jardunaldi jokatuko dituzte Elgoibarren

Barren.eus 2021ko uzt. 22a, 20:01

Aurtengo udan ere ez dira herrietako festak ospatuko, ez eta horietan ohikoak izaten diren binakako pilota torneoak. Ondorioz, pilota enpresek txapelketa bakarra egitea erabaki dute, bigarren urtez jarraian: Caixabank Masters Txapelketa. Bi jardunaldi Elgoibarren jokatuko dituzte, eta aurkeztu dituzte lehiatuko diren pilotariak.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak datorren abuztuaren 23an eta 24an Elgoibarren jokatuko dituzten Masters CaixaBank pilota profesionaleko bi jaialdietan parte hartuko duten pilotarien karteldegia ezagutzera eman du. Partidak Ikastolako frontoian jokatuko dira, 22:00etan abuztuaren 23an; eta, 18:00etan abuztuaren 24an.

  • Lehen jaialdian, abuztuaren 23koan, Olaizola IIk eta Zabaletak osatutako bikoteak Etxeberria eta Albisu izango dituzte aurkari, Euskal Telebistak zuzenean emango duen partida nagusian. Partida estelarraren aurretik jokatuko den partidan ze pilotari arituko diren zehazeke dago oraindik.
  • Bigarren jardunaldian, abuztuaren 24koan, honakoa izango da lehia nagusia: Ezkurdia - Imaz Vs Peña II - Rezusta

 • Sarrerak
Sarrerei dagokionez, aldez aurretik Kaia tabernan salduko dituzte, abuztuaren 13tik aurrera, eta baita egunean bertan frontoian ere. Sarreren prezioa 30 eurokoa izango da.

2021 07 22 San Bartolome pilota argazkia Olaizola II elgoibar udala

Joan den uztailaren 16an hasi zen Caixabank Masters txapelketa, Zaldibarren jokatu zuten lehen jardunaldian, eta iaz hasitako bidetik, Baikoko eta Aspeko pilotariek bikote mistoak osatuko dituzte, zortzi bikote guztira. Txapelketak uda osoa iraungo du, eta Gasteizko Ogeta frontoian emango diote amaiera, irailaren 19an jokatuko duten finalarekin.
Lehenik, ligaxka batean lehiatuko dira: denak denen aurka arituko dira. Guztira, bikoteek zazpi partida jokatuko dituzte, eta irabazitako partida bakoitzak puntu bat balioko du. Hortik, lehen eta bigarren postua eskuratzen duten bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira zuzenean. Beste guztiek, berriz, kanporaketak jokatuko dituzte: ligaxkako hirugarren sailkatuek seigarrenen aurka, eta laugarren sailkatuek bosgarrenen aurka. Kanporaketa horiek irabazten dituztenak finalerdietarako sailkatuko dira. Ligaxkan postu txarrena eskuratzen duen bikoteak lehen sailkatuen aurka jokatuko du, eta, aldiz, ligaxkan postu hoberena lortzen dutenek, bigarren sailkatuen kontra.

Hauek dira bikoteak:

  • Altuna II-Aranguren
  • Elezkano II-Mariezkurrena II
  • Ezkurdia-Imaz
  • Jaka-Tolosa
  • Olaizola II-Zabaleta
  • Peio Etxeberria-Albisu
  • Peña II-Rezusta
  • Urrutikoetxea-Martija.