Ansorregi eta Zelai III.a gailendu dira Binakako Aizkolari Txapelketaren estreinako edizioan

Barren.eus 2021ko uzt. 19a, 15:45

Bide berri bat zabaldu zuten emakumezkoen aizkoran joan den barikuan Azpeitian jokatu zuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioan, eta Karmele Gisasola “Zelai III” eta Uxue Ansorregiren izenak dira palmaresean agertuko diren aurrenak.

Binaka ez da inoiz halako txapelketarik izan, aizkolaritza modernizatzea, profesionalizatzea eta garai berrietara egokitzeko ahaleginean, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa antolatu baitu Euskal Herriko Aizkolaritza Elkarteak. Hamabi bikote lehiatu ziren joan den bariku gauean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zuten aizkora jaialdian, bost gizonezkoen Maila Nagusian, eta andrazkoenean hiru. Gainontzeko laurak gizonezkoen Promozino Mailakoak izan ziren.

Promozio mailako txapelketarekin hasi zen aizkora jaialdia. Lau bikote lehiatu ziren, eta Julen Kañamares eta Pellejero gailendu ziren. Ondoren, andrazkoak plazaratu ziren, hiru bikote lehia bizian aurrendari direla jakitun. Karmele Gisasola “Zelai III”-a mallabiarrak eta Uxue Ansorregi mendaroarrak osatutako bikoteak Beatriz Tanco-Maika Ariztegi eta Garazi Arruti-Julia Martinez izan zituzten aurkari. Bi kana-erdiko eta 36 ontzako bi moztu behar zituzten eta Gisasola eta Ansorregi izan ziren lanak amaitzen azkarrenak (12' 17"). Beatriz Tanco eta Maika Ariztegi sailkatu ziren bigarren postuan (13' 05") eta Garazi Arruti-Julia Martinez bikoa sailkatu zen hirugarren postuan (18' 06").

Lehen Mailan faboritoek ez zuten hutsik egin eta Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Aitzol Atutxa Atuxa II.ak irabazi zuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioa. Iker Vicente eta Azurmendi sailkatu ziren bigarren. (ikus emaitzak)

*Argazkiak: Ibon Errazu.

2021 07 16 sherpaai aizkora txap ansorregi arg ibon erratzu

2021 07 16 sherpaai aizkora txap ansorregi arg ibon erratzu besarkada zelai

2021 07 16 sherpaai aizkora txap ansorregi arg ibon erratzu podium