Urrezko hiru domina eskuratu ditu Iker Calvok igeriketako Euskal Herriko Udako Txapelketan

Barren.eus 2021ko uzt. 19a, 10:04

Infantil mailako Euskal Herriko igerilari onenak lehiatu ziren Galdakaoko Urreta Kiroldegiko igerilekuan jokatu zuten Igeriketako Euskal Herriko Udako Txapelketan. Iker Calvok urrezko hiru domina eta zilarrezko bat lortu zituen. Era berean, Paula Calvo alebin mailako Espainiako Udako Txapelketan lehiatu da, Tarragonan.

Eibar Igerixan taldeko igerilari elgoibartarrak emaitza bikainak lortu zituen uztail hasieran jokatu zen Euskal Herriko Udako Txapelketan. Hiru proba irabazi zituen Iker Calvok: 100 libretako, 200 libretako eta 800 libretako lasterketak eta txapeldunorde izan zen 400 librean. Gainera, nabarmendu behar da, irabazi zituen probetan alde handia atera ziela bigarren sailkatuei. Udako azken txapelketa garrantzitsua izan zen igerilari gaztetxoentzako.

 • Paula Calvo Espainiako Txapelketan
Anaiaren pausoak ari da jarraitzen Paula Calvo. Espainiako Udako Alebinen Txapelketan lehiatu zen Iker Calvo 2019an, txapelketaren zazpigarren edizioan. Joan den asteburuan jokatu dute txapelketaren zortzigarren ekitaldia, Tarragonan, eta hainbat probatan lehiatu zen Paula Calvo. 100 metroko proban lortu zuen emaitzarik onena, zazpigarren postuan sailkatu baitzen, 1:05.31ko denbora eginda. Finalera sailkatzeko proban denbora hobea egin zuen: 1:04.17. 

2018ko Mediterraneoko Jokoetan igeriketa eta waterpolo txapelketak jokatu zituzten 50 metroko Syilvia Fontana igerilekuan lehiatu ziren igerilari gazteak.

2021 07 19 paula calvo igerilaria