Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 07 16 maite maiora munduko txap ultratraila Fotoiosu photographyBere ibilbideko bigarren munduko txapelketa irabazi berri du Maite Maiora mendi korrikalariak (Mendaro, 1980), Lleidan. 2016. urtean, mendi maratoiko munduko txapelketa irabazi zuen, eta oraingoan, ultratrail distantzia irabazi du. 9 ordu, 23 minutu eta 56 segundoan osatu du 68 kilometroko ibilbidea. Dena ez du gozoa izan azkeneko bi urtean, baina loria lortu du berriro.

 

 • Diziplina ezberdinetan, baina bigarrengoz, munduko txapeldun. Zorionak. Espero al zenuen?
Eskerrik asko. Oso pozik nago, bai. Espero nuenik ezin dezaket esan, baina bila joan nintzela bai.

 • Baina zu ezagututa, hori beti, ala?
Ez, beti ez. Oraingoan obsesio puntu bat ere baneukan. Bezperan Iosuri [Iosu Juaristi, senarra] esan ere egin nion: ‘Edo irabazten dut edo kaka’. Eta jakina, gauzak ez dira horrela eta errieta egin zidan.

 • Nola planteatu zenuen lasterketa?
Teknikoki ondo zetorkidan ibilbidea zen, gailur askokoa eta harri artekoa. Ezagutzen nituen Gemma Arenas selekziokidearen entrenamenduak ere [bigarren sailkatu zen] eta banekien desnibel gutxiagoko lekuetan ibili zela entrenatzen, baina ni baino azkarragoa dela korrika. Ibilbidean, baina, lau igoera gogor genituen eta 20 kilometroko kresterioa eta banekien hor estutu behar nuela, leku gogorretan eta teknika handiagoa eskatzen zuen lekuetan. Hor, eta jaitsieretan ere bai. Eta asmatu nuen.

2021 07 15 maite maiora munduko txap ultrtraila helmuga Fotoiosu photography

 • Zure errendimendu horretan zerk du pisu handiagoa: entrenamenduek, burugogorkeriak, buru-estimuak, kanpoko presioak...
Burugogorkeriak. Ni neu naiz nire buruari gehien eskatzen diona, gehien zigortzen duena. Sekulako errietak egiten dizkit Iosuk horregatik, baina burugogorra ere izan behar da. Etor Mendiak entrenatzen nau ni eta askotan esaten dit ‘nik ezin dut’ hori gezurra dela. Jarrera kontua dela. ‘Bai, ahal dut, baina lortzeko sufritu egin behar dut’ pentsatu behar da beti.

 • Azkeneko urteetako emaitzek dena esaten dute. Espainiako txapeldun kilometro bertikalean eta ultran, errekorra Zegama-Aizkorrin, munduko mendi lasterketari osoena 2017an, hirugarren UTMBko ultratrailean... Zein dago zure gainetik?
Ez dakit, ez naiz sentitzen beste inor baino gehiago eta ezta gutxiago ere. Onak asko daude.

 • Puntaren puntan, 41 urterekin. Bidean, zer egin zaizu zailena?
Alde psikologikoa. Sinistuarazten digute 40 urterekin gainbehera hasten dela eta erabat sinistuta nengoen. Mendi lasterketetan emaitzak lortzen hasi nintzenean hasi zitzaizkidan denak 40 urteko langa aipatzen eta hasi nintzen larritzen ere, gerturatu ahala. 2017an, baina, 37 urterekin, irabazi nezakeen dena irabazi nuen eta goia jo nuen. Baina denboraldia orkatilako tendinitisarekin amaitu nuen. Iraila zen eta nola-hala amaitu nuen urte hura, baina tendinitisak hor jarraitzen zuen. 2018ko maiatzean Peñagolosako traila zetorren, munduko txapelketa, eta hasi behar nintzen prestatzen, hasi behar nuen denboraldi-aurrea. Eta hasi nintzen entrenatzen, baina minez. Ez nuen estutzen estutu beharko nuen beste. Eta hala iritsi nintzen Peñagolosara, erdiska, behar beste lan egin gabe. 2017a ikaragarria izan zen, hamarrekoa, eta Peñagolosan, 2018ko maiatzean, hasi nintzen sentitzen beharbada hasia nintzela beheraka eta hamarrekoarekin beharrean zazpi-zortzikoarekin konformatzen hasi beharko nintzela.

 • Hala ere, urrea eskuratu zenuten Peñagolosan, taldeka. Zer beste gertatu zen, bada?
85 bat kilometroko lasterketa izan zen Peñagolosakoa eta azkeneko 25 kilometrotan inoiz ez beste sufritu nuen. Helmugara iritsi banintzen selekziokideengatik eta hautatzaileagatik izan zen, banekielako nire bosgarren postuarekin taldeka urrea eskuratuko genuela. Lasterketa normal bat izan balitz, garbi dago ez nuela amaituko, helmugara sekulako iztarretako eta hanketako minez iritsi nintzelako. Sufrimendua hainbestekoa izan zen, kosta zitzaidala beldurra gainditzea. Orkatila ere zisko egin nuen, jakina, eta 5-6ko lasterketak izan ziren ondorengo denak, kaskarrak. Zegama-Aizkorri maratoian erretiratu nintzen urtea izan zen, eta nik ezin nuen. Min-sor hori hor neukan orkatilan, lasterketetan ezinean nenbilen eta pentsatu nuen 40ko gainbehera hori aurreratu egin zitzaidala eta onartzen hasi behar nuela. Baina akordatzen naiz Alejandro Valverde txirrindulariaren beste lorpenen baten berri izan nuela irrati bidez. Nire kintoa da Valverde eta pentsatu nuen: ‘Ez ba, Maite! Hemen badaude zure adin bereko kirolariak punta-puntan jarraitzen dutenak’. Italiako kilometro bertikaletan ere ikusten nituen ni bezalako señorak lehiatzen.

 • Adina aipatu duzu, baina azkeneko munduko txapelketako podiumei begira, nun daude ba destronatu beharko zintuzketeten gazteagoak?
Ez dakit. Beharbada ez dira ikusten, baina badatoz eta oso onak gainera. Gertatzen dena da lasterketa bat irabazi orduko prentsak eta markek altxatzen dituztela zerura, kazetariak-eta desiatzen egoten direlako errege-erreginak aldatzeko. Hauspotzen dituzte horrenbeste, sinistarazten dietela onenak direla. Nik uste dut arazo handiena hor dagoela: azkarregi sinisten dutela punta-puntan daudela eta hemen lan asko egin behar dela mantentzeko. Sare sozialetan aktibo diren korrikalariak nahi dituzte markek eta gazteak zaleak eta abilak dira halakotan, baina plantak egiteak ez dakar emaitzarik. Ni neu ez naiz batere zalea. Nire emaitzen berri emateko eta babesleei eskerrak emateko bakarrik erabiltzen ditut sare sozialak. Ez nago eguneko 24 ordutan egiten dudana hor erakusteko prest.

 • Nondik ateratzen da indarra gehiago ezin duzula uste duzunean?
Ez da erraza, baina ni sekula ez naiz izango izan naizena eta onartzen ikasi behar da. Nik gozatu dut ikaragarri mendi lasterketetan, nire palmaresa ere badaukat eta ez naiz hemendik bizi. Garbi neukan hori eta onartu nuen eskailera bat beheragoan ibiliko nintzela, pasatuko zitzaizkidala ondotik aurrera korrikalari gazteagoak eta hobeak, baina gustatzen zitzaidana egiten jarraituko nuela ahal nuen artean. Hasi nintzen onartzen ezingo niola ordura arte beste begiratu erlojuari, lehen egun on batean ordubetean egiten nuen bidea egiteko, hamar minutu gehiago behar nituelako nire egunik onenean ere. Eta hasi nintzen gozamena beste distantzia batzuetan bilatzen. 2019an lasterketa luzeagoak aukeratu nituen eta hasi nintzen entrenamendu luzeagoak egiten, baina ez hain exijenteak. Tracka jaitsi eta Piriniotako ibilbideez gozatzen hasi nintzen, bideak ikasten. Sekulako uda egin zuen gainera, eta inoiz ez beste gozatu nuen, Piriniotan. Lasterketan emaitzak ez ziren hain onak izaten ari, banekien sekula ez nuela gehiago ordura arte bezain azkar korrika egingo, bistakoa zen, baina iritsi zen UTMB Mont Blanceko ultratraila eta hirugarren egin nuen [170 kilometro eta 9.600 metroko desnibel positiboa duen lasterketan]. ‘Zer da hau!’ esan nion nire buruari orduan. Ezin nuen sinetsi, baina berotuta, 2019koaren oso antzeko plana aurreikusi nuen 2020rako. Lasterketa luzeak aukeratu nituen, esandakoagatik eta konturatu nintzelako gainera urte asko nenbilela beti antzekoa egiten, beti antzekoekin lehiatzen, sufrimendu bera sentitzen.

 • 2020an, pandemia. Nola eragin dizu?
Sinistea ere! 2020an, neguan, asfaltoan korrika hasi nintzen, baina buruan 2019ko denboraldiko distantzietan saiatzea neukan. Otsaileko bigarren asteburuan Bartzelonako maratoi erdia jokatu nuen, beste milaka lagunekin batera, eta kolpetik etorri zen pandemia, eta harekin, kale hutsak. Eta kirola bigarren plano batean utzi nuen. Topera ibili ginen lanean eta nik lanari eman nion lehentasuna. Gehienok etxean zeundeten itxita, eta gu kalean, lanean, baina sekulako tristura zegoen. Kirola etxean egiten nuen, kirolaria naizelako eta ezinbestekoa zaidalako bizitzeko, eta egin nituen sekulako astakeriak bizikletan. Pentsatzeko era aldatu dit pandemiak. Elite mailako kirola beste plano batean laga nuen. Gero, udako irekiera hartan, itzel disfrutatu nuen Piriniotan. Han ere astakeriak egin nituen bizikletaz. Eta ultra batzuk ere jokatu nituen. Emaitzak ez ziren batere onak izan, baina ordurako ez zitzaidan inporta. Ikusten nuen gainera jokatzekoak nituen lasterketa asko bertan behera gelditzen ari zirela pandemiagatik eta erabaki nuen egoera horretan ez zuela merezi negu betean sei-zortzi orduz entrenatzerik egunean. 2021eko Errege Egunean, baina, irten nintzen entrenatzera suabe-suabe, eta jausi eta erradioan fisura bat egin nuen. Noiz, eta lanean lan-karga handiena genuen sasoian! Eta iritsi zen derrigorrean lasaitu beharra. Sekula ez beste telebista ikusi nuen!. Errekuperatu nintzenean, hasi nintzen pixkat entrenatzen. Lasterketa luzeak nituen buruan, baina entrenamendu motzak egiten nituen. 2019an, gainera, diru asko galdu nuen hegaldi eta abarretan eta erabaki nuen ez nuela erretserba bakar bat egingo egoera hartan. FEDMEk antolatzen zituen probak bakarrik jokatzen ziren sasoi hartan, eta hala, Sevillarako eman nuen izena apirilerako.

• Distantzia motzekoa izanda, ez zen a priori zure ezaugarrietako lasterketa Sevillako hura, ala?
Ez, ez orduan behintzat [21 kilometroko lasterketa]. Baina joan nintzen eta konturatu nintzen, ni baino gehiago ziren Oihana Kortazarrek eta Patricia Pinedok ez zidatela mundu bat atera. Urtebete aurretik orduerdi bat kenduko zidaten, eta zazpi bat minutu kendu zizkidaten. Hirugarren egin nuen.

Espainiako Txapelketarako aukera zabaldu zizun Sevillako hark gero.
Sevillara irtetekoa nintzenean deitu zidan hautatzaileak Jaenen jokatzekoa zen Espainiako Txapelketarako, baina ezetza eman nion beste konpromiso bat neukalako. Pena zen, ordurako distantzia motzei begira jarrita nengoelako, lasterketa luzeak jausten ari zirelako, baina ezin nuen. Baina zer diren gauzak, beste hori bertan behera gelditu zen eta azkenean neuk deitu nion hautatzaileari ia lekurik izango ote nuen galdezka. Hartu ninduten eta bigarren egin nuen, eta denbora onarekin gainera, eta eman nuen izena FEDMEk antolatutako Espainiako Kopako bigarren proba puntuagarrirako. [Miranda de Ebron jokatu zen, Burgosen. 35 kilometrokoa] eta han ere bigarren egin nuen, Patricia Pinedoren atzetik.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1211. zenbakian -PDF-

Argazkiak: Fotoiosu photography.

2021 07 16 Maite maiora mendaro munduko txapeldun ultratraila arg Fotoiosu photography 

∞Lotura duten albisteak:

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza