Gojko Vucinic izena izango du Sanlok irailerako antolatuko duen kadete mailako txapelketak

Barren.eus 2021ko uzt. 15a, 14:42

Sanlo kirol taldeak denboraldiari amaiera emateko antolatu ohi duten festarik gabe esan dio agur 2020- 2021 denboraldi berezi honi, pandemiaren ondorioz, eta nola ez, joan den barikuan egin zuten batzar nagusian aurkeztu zituzten diru kontuetan ere izan du eragina pandemiak.

 Sanlok 8.298 euroko defizitarekin amaitu du denboraldia; diru sarrerak 124.782 eurokoak izan baitira eta gastuak 133.077 eurokoak.

Lehiaketak publikorik gabe jokatu izanak eragina izan du eskubaloi taldearen ekonomian, ohiko diru iturri batzuk galdu baitituzte: Batetik ezin izan dute SanloBeer Fest garagardo azoka antolatu; eta, bestetetik, Alcorta eta Gaurve senior mailako taldeek Olaizagan jokatzen zutenean egiten zituzten zozketak ere ezin izan dituzte egin. Datorren denboraldirako 142.400 euroko aurrekontua onartu zuten batzarrean eta bazkideen kuotak bere horretan mantentzea ere erabaki zuten.
•Gojko Vucinicen omenez
Dirua baino galera handiagoak izan ditu baina Sanlok joan den denboraldian, Sanloko harrobiaren arduraduna eta entrenatzailea zen Gojko Vucinic zendu baitzen apirilean. Montenegrokoak Sanloren alde eginiko lanari aitortza egin nahi dio klubak, eta bere izena izango du aurrerantzean kadete mailako taldeentzako irailean antolatzen duten txapelketak. Irailaren 3tik 5era bitartean jokatuko da hirugarren edizioa. Hamasei talde lehiatuko dira, zortzi talde neskenak eta beste zortzi mutilenak. Denboraldiko kirol balantzeari dagokionez, Sanloko talde gutxik lehiatu ahal izan dute aurten. Seniorretan, Alcorta Forging Group gizonezkoen taldeak ezin izan zion 1. Nazional mailari eutsi, eta Euskal Ligan arituko dira 2021-2022 denboraldian. Aldiz, senior emakumezkoen Gaurve taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan jarraituko du, mailari eustea lortu eta gero.

∞Lotura duten albisteak: