Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko dute bariku honetan, uztailaren 16n, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (22:00). EITBn hurrengo egunean eskainiko dute aizkora jaialdia. Azpeitian jokatuko den binakako txapelketa datorren udazkenean promozioko eta lehen mailetarako sailkapen errondetan jarraituko duten proba sortako lehen txapelketa izango da. Banakakoaren kanporaketa hauen ondoren, txapelketa azaroan jokatuko den final handi batekin bukatzea aurreikusita dute, eta han erabakiko da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapeldun absolutua.
Orain arte Euskal Herriko binakako aizkolari txapelketarik ez da sekula egin eta aurrenekoan kategorien arabera lehiatuko dira, hiru mailatan: lehen mailan hamar aizkolari arituko dira, promoziokoan zortzi, eta emakumeenean sei. Ez da zozketarik egin horiek erabakitzeko. Inork ez ditu bikoteak aukeratu, ezarri den arrazoia izan da banakako sailkapena.
Honakoak dira maila bakoitzean lehiatuko duten bikoteak:
- Lehen mailan: Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Otaño-Ugaitz Mugertza, Irazu-Rekondo eta Txikia IV.a-Atutxa II.a.
- Promozio mailan: Larrea III.a-Zelai IV,a, Jauregi-Eloy Corchero, Julen Kañamares-Pellejero, Eneko Saralegi-Aratz Mugerza.
- Emakumeetan: Zelai III-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia.
Azpeitiko aizkora jaialdiari hasiera Promozio Mailako aizkolariek emango diote, zeintzuek bederatzi enbor ebaki beharko dituzte txanda librean: lau kana-erdiko, 60 ontzako hiru enbor eta beste bi oinbiko.
Ondoren, lehenengo aldiz jokatuko den nesken aizkorako binakako txapelketaren txanda izango da, honakoek lau enbor moztu beharko dituztelarik: bi oineko eta 45 ontzako beste bi. Azkenik, Lehen Mailako aizkolarien lehia izango da, non hiru diametroko hemezortzi enborrekin lana egin beharko duten: zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko.
• Ansorregik Zelairekin osatuko du bikotea
Uxue Ansorregi mendaroarrak Karmele Gisasola 'Zelai' III.arekin osatuko du bikotea, ondo ezagutzen duen bikotea, Euskal Pentatloian elkarrekin aritu baitziren lehian. Zelaik eskerrak eman zizkien antolatzaileei txapelketa aurkezteko Azpeitian egin zuten prentsaurreko agerraldian, emakumezkoengan ere pentsatzearren. "Kontuan edukita lehenengo aldiz jokatuko dela nesketan aizkorako binakako txapelketa, aizkoran ere aritzeko gai garela erakutsi nahi dugu. Txapelketan egin beharreko lanak ez dira oso exijenteak, parte hartuko dugun sei aizkolariietatik laurentzako bigarren plaza izango da hau aizkoran. Saiatu saiatuko gara, ordea, eta nahi duguna da txapelketa erakusleiho bat izatea, beste batzuek ere ikusteko eta animatzeko. Saiatuko gara ahalik eta lan onena egiten", adierazi zuen kirolari mallabiarrak.
• Txapelketa berritzailea
Aizkora garai berrietara eta teknologia berrietara egokitzeko ahalegina egiten ari da Euskal Herriko Aizkolaritza Elkartea eta horren adibide da Sherpa.ai adimen artifizialeko enpresaren laguntza izango dutela txapelketak aurrera ateratzeko.
Iaz hasitako bidetik, aizkolaritza garai berrietara egokitzea, modernizatzea eta herri kirol hau profesionalizatzea da antolatzaileen asmoa eta helburua. Liga profesionalak dituzten beste kirol batzuen maila berera igo nahi dute aizkora, hala nola, futbolaren, pilotaren eta arraunaren mailara.
Izarraitz pilotalekuan pertsona inguru sartzeko aukera egongo da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude. Internetez Aizkolari Txapelketa Nagusia webgunean eros daitezke edo Azpeitiko Landetako Mendizabal erretegian ere bai.