Txirrindulariak 69 kilometroko lasterketako azken zatian igo ziren Arantzazu auzora. Donosti Berri taldeko Iñaki Errazkin izan zen azkarrena, eta 27 segundoko aldea atera zien jarraitzaileei. Bigarren posturako lehia itzela eduki zuten Ulma taldeko Aimar Madinak eta Elgoibarko Lagun Taldeako Beñat Fernandez mendaroarrak. Arantzazuko Igoera aldapa pikoan amaitzen den arren, esprint estua jokatu zuten Madinak eta Fernandezek, eta txantxikuarra gailendu zen zentimetroetako aldeaz. (honako bideoan ikus ditzakezue probako azken metroak)
Lagun Taldeako arduradunek nabarmendu dutenez, asteburu "bikaina" osatu dute taldeko juniorrek. Izan ere, Beñat Fernandezek zapatuan Arantzazuko Igoeran eskuratutako hirugarren postuari, Jokin Amorrostak domekan Zumarragako Sari Nagusia lasterketan eginiko lana gehitu behar zaio. Amorrosta seigarren postuan sailkatu zen Zumarragako lasterketan, eta hori ez zuela proba ondo hasi, zulatua eduki baitzuen lehen kilometroetan. Zorionez, ez zuen denbora askorik galdu eta lasterketa osoa aurreko taldean egin zuen, onenekin lehian.
∞Lotura duten albisteak: