Ampo-Ikolan taldeko Unax Iztuetak irabazi du Mendaroko Javier Ezenarro Oroitzarrea

Barren.eus 2021ko uzt. 4a, 11:58

Atzo jokatu zen Mendaroko junior mailako Javier Ezenarro Oroitzarrea, Gipuzkoako Txapelketako proba, 98 kilometroko lasterketa.

Mendaron hasi, Oñatiraino joan (Zubillaga auzoa), Debaraino buelta egin, Kalbario gaina igo, Elgoibartik Azkaratera igo errepide zaharretik eta Mendaroko Kurutz Gain industrialdean amaitu zen lasterketa. Guztira, 99 txirrindulari abiatu ziren irteera puntutik, eta Ampo-Ikolan Sports taldeko Unax Iztueta Olano izan zen helmugaratzen lehenengoa, 2:30:33ko denbora eginda, eta bera izan zen Gipuzkoako Txapelketako txapelduna ere.

 Bigarren, Aitor Agirre sailkatu zen, Viveros San Anton-Mardu taldekoa (26 segundura), eta Atracciones Sanz taldeko Ekain Ajerrista Azkuek egin zuen hirugarren, Aitor Agirreren denbora bera eginda. Mendiko saria, berriz, Donosti Berri taldeko Yago Agirre Subijanarentzat izan zen, eta taldekakoa, Ampo-Ikolan Sportsek jaso  zuen. Gipuzkoarrak izanda hirurak, Gipuzkoako Txapelketako podiuma ere hirurek osatu zuten.

2021 07 03 Javier Ezenarro oroitzarrea irabazleak

 

2021 07 03 Javier Ezenarro Oroitzarrea irabazlea2

2021 07 03 Javier Ezenarro Oroitzarrea bigarrena eta hirugarrena

Aipagarria da, Elgoibarko Lagun Taldea-Laboral Kutxa taldeko Beñat Fernandez Loiolak egindako lasterketa ere. Sailkapen nagusian bederatzigarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 2 minutu eta bost segundura, eta sasoiko dabilela erakutsi zuen beste behin ere. Lasterketa bukaeran honako balorazioa egin zuen txirrindulari mendaroarrak: "Oso azkar abiatu gara. Oñatira joan eta buelta oso erritmo azkarrean joan da lasterketa. Banekien, baina, Kalbariotik Elgoibarrera tropela apur bat lasaituko zela, eta beraz, Kalbariora orduko jo behar zela erasoa. Mutrikun hamar laguneko talde bat joan gara buruan eta Kalbario nahiko azkar igo dugunez, tropela atzean lagatzea lortu dugu. Mantendu gara aurrean Kalbariotik Azkarateraino, baina Azkaraten gora nahikoa justu gindoazen, eta aldendu zaizkigu batzuk, baina, tira, pozik nago egindakoarekin. Gehiago nahi nuen, baina gustura nago". 

2021 07 03 Beñat Fernandez Mendaron

 

2021 07 03 Lagun Taldea Beñat Fernandez eta Jokin Amorrosta

2021 07 03 Javier Ezenarro oroitzarrea Beñat irteeran