Dakar rallyan seigarren egin zuen Lorenzo Santolinok ikastaroa emango du Elgoibarren

Barren.eus 2021ko uzt. 1a, 12:28

Lorenzo Santolinok enduro ikastaroa emango du Elgoibarren, asteburu honetan, Urnobitzak eta Motos Ion dendak antolatuta. Santolinok seigarren postua lortu zuen motoetan joan den urtarrilean jokatu zen Dakar rallyan.

Enduro eta rally gidaria den Lorenzo Santolinok (Guijuelo, Espainia) enduro ikastaroa emango du Idotorben, uztailaren 3an eta 4an. 2021eko Dakar Rallyan seigarren postua eskuratu zuen motoetan. Urnobitza taldetik jakinarazi dutenez, hogei lagunentzako lekua egongo da ikastaroan eta 50 euro kobratuko dituzte. Euskadiko Motoziklismo Federazioan eman behar da izena.

Barikuan Lorenzo Santolino aurkezteko ekitaldia egingo dute Motos Ion dendan, 19:00etan. Ikastaroko lehen saioa zapatuan egingo dute, goiz eta arratsaldez; eta domekan bigarrena, 9:00etatik 15:00etara.
Sherco etxearen kontzesionario ofiziala da Motos Ion, eta markaren bitartez ekarri ahal izan dute Elgoibarrera Santolino, aurrez Mario Roman gidariarekin egin zuten moduan. Munduko muturreko Enduro txapelduna den Romanek ikastaroa eman baitzuen 2019an Urruzuno bailaran. Hala, munduko moto gidari onenekin trebatzeko eta ikasteko aukera dute Elgoibar eta inguruetako moto gidariek. Joan den domekan Idotorben jokatu zuten Enduro txapelketako zirkuitua erabiliko dute ikastaroan.

∞Lotura duten albisteak: