Taldeko jokalariak eta entrenatzaileak prestatu eta koordinatzeko metodologia ezarriko du C.D. Elgoibarrek

Barren.eus 2021ko eka. 30a, 16:18

Denboraldi berrirako dituzten asmoen berri eman zuen C.D Elgoibarreko zuzendaritzak, joan den barikuan egin zuten urteko batzar nagusian. Denboraldi berrirako bi erronka nagusi aipatu zituzten.

Batetik, harrobiaren formakuntzan metodologia bat ezarri nahi dute. Mikel Cid ermuarra izango da harrobiko taldeen koordinatzailea eta taldean metodologia ezartzeko ardura izango duena. Teknikariekin lankidetza estuan arituko da, zelaian bertan, eguneroko lana planifikatzen, egituratzen eta aztertzen. Kirol taldearentzat apostu, aurrerapauso eta inbertsio garrantzitsua izango dela nabarmendu du Jon Basurto presidenteak. "Gure ideia beti izan da beheko kategorietan entrenatzaile titulodunak eta esperientzadunak edukitzea, horregatik, datorren denboraldian lehen taldeko entrenatzaile Pablo Turrillas eta Eneko Basurto arduratuko dira alebin, infantil eta kadete guztiei jarraipena egiteaz. Gazte horiek futbol-formakuntza egokia jaso dezatela nahi dugu, eta esperientzia txikiagoa duten entrenatzaileei behar duten laguntza emango diegu", azaldu du. Bere ustez sistematizazio horrek bermatuko du gazte horiek, kadete eta jubenil mailetara ailegatzen direnean jarrera egokiak edukitzea eta futbol oinarri sendoak izatea.

 • Haundi, gorantz begira
Bestetik, Haundi goiko postuetan sailkatzea izango da klubak denboraldi berrirako bere buruari jarri dion bigarren erronka handia. "Azken urteetan moduan, taldea etxeko jokalariekin eraikitzea da gure abiapuntua, eta apostua: lehen taldean 12-14 bat jokalari egon behar dira gutxienez. Halaxe izango da denboraldi berrian ere, baina aurrerapauso bat eman nahi dugu", esan du Basurtok. Haundi Ohorezko Erregional Mailan sustraituta, egonkor, dagoela uste du zuzendaritzak, eta anbizioa izateko unea dela. "Badakigu mailaz igotzea zaila dela, baina gora begiratzen saiatu behar gara, horretarako eduki dezakegun entrenatzailerik egokiena dugulako".
 • Hiru talde nesketan
Nesken artean izen emateek izan duen gorakadarekin ere pozik daude futbol taldeko arduradunak. "Nesken futbola indartzeko azken bost urtotan egin dugun ahaleginaren fruituak jasotzen hasi gara. Azken asteetan izen emateek izan duten gorakada harrigarria izan da, eta horren ondorioz datorren denboraldian hiru talde izango ditugu; nagusiena, infantilena eta kadeteena. Izugarria da jakinda guk kluba hartu genuenean ez zegoela neskarik futbolean C.D. Elgoibarren, eta orain 80 inguru ditugula. Oso harro gaude".
 • Egoera ekonomikoa
C.D. Elgoibarrek taldearen egoera ekonomikoaren berri ere eman zuen batzarrean. 2020-2021 denboraldian 108.118 euroko gastuak izan ditu eta 105.692 euroko diru sarrerak, hortaz, 2.425 eurokoa izan da defizita. Urte berezia izan da eta lehen aldiz negatiboan amaitu du denboraldia. Azken urteetan positiboan amaitu dute (2016-17an 14.892 euro, 2017-18an 13.255; 2018-19an 11.253 eta 2019-2020an 11.117 euro). Edonola ere, C.D. Elgoibarrek duen ondarea 97.760 eurokoa da.

 • Jokalari Konprometituenaren Saria
Denboraldi honetan lehiatzeko aukera izan duten C.D. Elgoibarreko sei taldeetako "jokalari konprometituenak" saritzeko ere baliatu zuten batzar nagusia: Hona saritutako jokalariak (goiko argazkian): Alex Aizpurua (Kad.), Alex Azpilikueta (Oho. Kad.), Arkaitz Maiora (Jub.), Borja Azpilikueta (Oho. jub.), Garazi Catalan (Emak. nag.) eta Ander Moya (Haundi)