Ushba mendia igo du Alberto Fernandezek, Kaukasoko Cervino deitzen dioten mendia

Barren.eus 2021ko eka. 25a, 10:30

Mikel Zabalza nafarrak gidatzen duen Espainiako Alpinismo Taldea Kaukasoko mendi ikonikoa den Ushba (4.710 m, hegoaldeko tontorra) mendian espedizioa burutzen ari da, eta talde horretako kidea izana den Alberto Fernandez elgoibartarra ere ari da parte hartzen espedizio horretan.

Errusia eta Georgia arteko mugan dagoen Svanetiko eskualdean dago Kaukaso mendikateko Cervino deitzen zaion Ushba mendia, eta sona handia hartu du oso estetikoa delako. Bi gailur ditu: iparraldekoa eta hegoaldekoa. Batera zein bestera igoteko ez dago bide errazik, zailtasun tekniko handiko ibilbideak baizik. Horregatik da mendi ikonikoa, Kaukasoko mendirik altuena Elbrus bada ere (5.642 m).

Espainiako Alpinismo Taldeak sustatutako espedizioan parte hartu duten zazpi lagunek bidaia hasi eta astebetera lortu dute mendiaren hegoaldeko gailurrera igotzea, zailtasun handieneko hego aurpegitik burututako ibilbidean. 1.500 metroko bidean 6a eta A4 zailtasunak gainditu behar izan zituzten. Ushba-k badu ospe berezi bat: Kaukasoko mendi guztien artean oso arriskutsua izatea. Oraingoan gainera, elur pilaketa handiak topatu dituzte bidean.

Zazpi alpinistek lau egun eta hiru bibak behar izan zituzten oinarrizko kanpalekutik tontorrera igo eta berriro kanpalekura bueltatzeko. Hiru kordadatan banatuta aritu ziren zazpi mendizaleak: Mikel Zabalza, Bernat Vilarrasa, Mikel Inoriza, Ruben Sanmartin, Javi Guzman, Roger Cararach eta Alberto Fernández elgoibartarra. Espainiako Alpinismo Taldeko kideak dira lehen bostak eta izandakoak azken biak.
Hasiera batean Alberto Fernándezek eta Roger Cararachek osatutako kordada Gregory bidetik igotzea zen alpinisten asmoa, eta gainerako bi kordadak Myshliaev bidetik igotzea. Mendiaren egoera eta baldintzak aztertu ostean, baina, guztiek bide berdinetik igotea erabaki zuten. Hala, Aleksandra zein Myshliaev bideak uztartuz egin zuten gora, lehenengotik gehiago, eta bide zati berri batzuk gaineratu izana posible dela uste dute, sakonago aztertu beharra duten arren. Ushba mendian ibilbide gehiago probatzeko asmoa zuen espedizioak, han egingo dituzten bi asteetan. 

2021 06 23 Alberto Fernandez espedizioa eea ushba Georgia kaukasoa eskalatzen

2021 06 23 Alberto Fernandez eea ushba Georgia kaukasoa tontorra

2021 06 25 eea ushba 01 kaukasoan ibilbidea

2021 06 25 ushba mendia 960x539 arg Archil Badriashvili