Beñat Fernandez: "Ametsaren parekoa litzateke Mendaroko lasterketa irabaztea"

Barren.eus 2021ko eka. 25a, 09:03

Elgoibarko Lagun Taldearen eskutik sartu zen txirrindularitzan Beñat Fernandez (Mendaro, 2003), eta bertan jarraitzen du, Laboral Kutxaren babesletzarekin. Bigarren urtea du jubeniletan, afizionatuetara salto egin aurreko azken urtea bestera esanda, eta joan zen asteburuan Bocage et de L’Erneeko Tourrean hartu zuen parte, Gipuzkoako selekzioarekin. Gaur, berriz, Gipuzkoako Itzulian izango da, “dena emateko gogoz”.

Podiumik ez du zapaldu artean, baina bada nor tropelean, eta sinistuta dago ahaleginak emango duela fruitua. Nahi luke lasterketaren bat irabaztea, eta Mendaroko Javier Ezenarro Oroitzarreko podiumean egotearekin egiten du amets.

 • Bigarren urtea duzu jubeniletan, eta emaitzei erreparatuz gero, sasoiko zabiltzala esan daiteke. Noiztik diharduzu txirrindularitzan?
Bizikletan hasi aurretik futbolean ibili nintzen, umetatik kadeteetara arte. DBH3n hasi nintzen txirrindularitzan, kadeteetako lehenengo urtean [bi urte dira kadeteetan eta beste bi jubeniletan]. Beti izan dut afizioa eta beti disfrutatu izan dut bizikletan, eta saltoa eman nuen. Eta egia esan, oso gustura nabil, bereziki aurten. Esaten dute, bai, jubeniletakoak direla urterik politenak txirrindulari batentzat, eta ni neu behintzat, sekula ez beste ari naiz gozatzen. Lasterketa bat ondo amaitzea sekulako satisfazioa da. Futbolak baino gehiago betetzen nau honek, futbolean partida bat irabazteak ez zidalako orain lasterketa txukun bat egiteak ematen didan poz hori ematen. Futbolean egun eskasagoa izanda ere, ez da horrenbeste igartzen, baina bizikletan norberak egin behar du. Gogorragoa da, baina beharbada horregatik da poza ere handiagoa, dena kostatzen delako gehiago.

 • Txirrindularitzarako afizio handia dago Mendaron. Garai batean izan zen taldetxo bat jubeniletan lehiatzen, eta izan dira geroago profesionaletan lehiatzera iritsi diren beste bi ere: Iñigo Lazkano eta Beñat Urain. Azkeneko urteetan, baina, sikute halako bat izan da, eta orain bada halako loralditxo bat berriz. Zerk eraginda?
Bai, hala izaten dira kontuak. Elgoibarren taldea egoteak eta eskoletan egindako lanak lagundu du suspertze horretan. Kadeteetako bigarren mailan dabil Aritz Esnaola mendaroarra, bere lehenengo urtea badu ere txirrindularitzan, eta jubeniletan ni, eta beheragoko taldeetan ere badatoz gazteagoak. Gauza ona da hori. Nik uste dut herrian edo gertuan erreferenteak izateak laguntzen duela, eta baita eskolan txirrindularitza probatzeko aukera emateak ere. Nik bigarren hori ez dut izan, adibidez, eta pena da.

 • Zenbat denbora eskaintzen diozu txirrindularitzari astean?
Batxilergoko eskolak bukatuta, astean zazpi egunez entrenatzen naiz orain, baina bestela ere, sei bat egunez entrenatzen nintzen. Debabarrena taldeko Galder Lasuenek jartzen dizkigu gutxi gorabeherako entrenamenduak. Gozatzen ari naiz jubeniletan. Gero etorriko dira kontuak, afizionatuetan. Beste maila bateko lasterketak izango ditut datorren urtetik aurrera, desnibel handiagokoak, azkarragoak eta presioa ere dezentez handiagoa izango da. Jubeniletan puntan ibili diren asko gelditu dira atzean afizionatuetan, eta batzuk iritsi ere ez dira egin.

 • Kadeteetan lotsatiago ikusten zitzaizun tropelean, lekua hartu ezinda bezala. Orain, jubeniletan, beste konfiantza batekin igartzen zaizu. Zerk eragin du aldaketa?
Konfinamenduan aldatu nuen txipa. Lehen, entrenatu bai, baina gero lasterketetan ez nuen dena ematen, beldur halako batek lotuta ninduelako. Baina konturatu nintzen ez zuela merezi entrenamenduak serio hartzeak gero lasterketan muturra sartzen saiatzen ez banintzen. Nik uste dut, lehen, beldur handiagoarekin irteten nintzela lasterketetan, baina konturatu nintzen tropelean beldurrez ibiltzeko ez zuela merezi horrenbesteko sakrifizioa egiterik.Tropelean ertzetan joaten nintzen beti, baina orain, saiatzen naiz, erdian lekua bilatzen. Ahalduntze halako bat izan da eta nik itxialdiarekin lotzen dut. Esaten dute kadeteetan ikasi beharreko kontua izaten dela hori ere: tropelean lekua hartzea. Ez da, baina, erraza tropelean ukondoz ukondo joatea eta horregatik izaten dira kadeteetan ere horrenbeste eroriko. Jubeniletan gehiago da arriskatzea. Ezin da, adibidez, goranzkoan irabazitako denbora beheranzkoan galdu eta tentsio hori igarri-igarrikoa da. Nik, momentuan, ez dut erorikorik izan eta beharbada horregatik ez daukat horrenbesteko beldurrik jaitsieretan.

2021 06 25 benat fernandez txirrindularia mendaro elgoibar barren b1

 • Zer ezaugarritako txirrindularia zara? Zein duzu erreferentetzat?
Aldapa gora moldatzen naiz ni ondoen. Gorpuzkera arinekoa naiz, eta gora nahiko itxuran ibiltzen naiz. Profesionaletan, Mikel Landa izan da beti nire erreferentea. Landak beti ematen du ikuskizuna. Daukan bitartean dena ematen du eta hori eskertzekoa da. Zorte txarra ere izan du, eta azkena Giroan. Bere bizitzako Giroa izan behar zen hau eta bosgarren etapan jausi eta etxera itzuli beharra izan zuen. Pena handia hartu nuen. ‘Egindako lan guztia, alferrik’, pentsatu nuen.

 • Joan zen asteburuan Frantzian izan zinen Gipuzkoako selekzioarekin. Zer moduz ikusi zenuen zeure burua?
Niretzat izugarria izan zen hautatzailearen mezua jasotzea. Gipuzkoan aurrealdean ibiltzen garen hogei bat txirrindulari deitu gintuzten bilera batera, baina orduan ez ziguten esan Frantziara joango ginenik. Azaldu ziguten selekzioaren funtzionamendua eta esan ziguten hasiko zirela batzuei deika. Juani [Juan Ramon Bellon], gure taldeko zuzendariari, iritsi zitzaion mezua eta hark jakinarazi zidan Frantziarako hautatu nindutela. Sekulako poza hartu nuen. Orain arte ez dut emaitza bakar bat lortu eta aukera hori ematea podiumera igotzea bestekoa izan zen niretzat. Frantzian konturatu naiz gai naizela lehiatzeko, baina egia da oso gogorra egin zaigula, guk sekula ez dugulako horrenbeste kilometroko lasterketarik jokatu hemen, eta are gutxiago halako erritmoan. Konturatu naiz, era berean, frantziarrak gu baino gehiago direla; koska bat gorago daudela. Lehenengo etapa 130 kilometrokoa izan zen, eta hemen, gehienez ere, 90 kilometrokoak izaten dira gure lasterketak. Biharamunean, berriz, 16 kilometroko erlojupeko bat izan genuen goizean, eta arratsaldean, 110 kilometroko etapa. Hemen, urtean erlojupeko bakarra jokatzen dugu, baina han bistan da ohituago daudela. Baina, hala ere, pozik itzuli nintzen, bukatzeko gai izan nintzelako eta errekuperazio ona daukadala jabetu nintzelako. Lauan gu baino gehiago dira gure adineko txirrindulari frantziarrak, baina mendate bat sartuz gero, sufritzen dute. Gu, aldiz, ohituago gaude mendateetara eta hor badugu estu hartzeko aukera; ikusi dugu han ere nola gelditzen ziren atzean aldapak hasitakoan.

 • Taldeko kirola da txirrindularitza berez, baina bi lagun baino ez zarete Laboral Kutxan, jubeniletan. Normalean, sei-zortzi bat badira beste taldeetan. Nola daramazu hori?
Gu bi lagun gara: Jokin Amorrosta eibartarra eta ni. Eta ez gara taldea, lasterketetan ezin dugulako gure autoa eraman. Eta hori ez da gozoa, ez. Beste talde batzuekin negoziatu behar dugu gurpil bat aldatu beharra izanez gero ere, edo bestela, lasterketako auto neutroarekin. Entrenatzaile gabe irteten gara lasterketetan. Errepide bazterretik esaten digutenarekin ibili behar gara eta tropelean ez dugu inolako erreferentziarik izaten. Taldearen babesik ere ez dugu. Taldeak sartu dezake taldekide bat ihesean; egin ditzake taldeburuarentzako lanak, baina guk geurea egin behar dugu. Bai, babes horren falta igartzen dut lasterketa hasi aurretik eta ondoren ere bai, dena eman arren lasterketa amaitzea denean sari handiena. Gurasoen babesa dugu guk, eta eskertu nahi diet. Aita ibiltzen zait mekaniko lanetan, txofer lanetan, eta ama eta biek egiten dizkidate psikologo lanak, lasterketetatik burumakur itzultzen naizenetan. Kadeetan sei lagun ginen gu taldean, baina jubeniletarako laga zuten besteek. Txirrindularitzak hori dauka. Gogor entrenatu behar da, gero lasterketan 50. egiteko igual, eta hori eramaten ez da erraza. Gutxiago egin eta emaitza jasotzera ohituago gaude gaur egun eta normala da askok hau uztea.

 • Azkeneko urtea duzu hau Elgoibarko taldean. Datorren urtera begira, zer?
Talde bat topatu beharko nuke datorren urterako, eta horretarako, badakit dena eta bi eman behar dudala aurten. Beti ere bai, baina aurten gehiago. Talde batzuk badaude, eta itxaropena badut lekuren bat topatzeko. Aldaketa handia izango da niretzat datorren urtean. Ingeniaritza ikasketak hasiko ditut eta zailagoa egingo zait eskola eta entrenamenduak uztartzea, baina gogo handiz nago eta moldatuko naiz. Gure kintakoen artean, hori bai, sekulako maila dago eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak ere aitortzen du hori. Oiartzunen, Gervaisen oroimenezko lasterketan, duela bi urte podiumeko denbora izan zena egin nuen, eta azken bigarren bukatu nuen sailkapen nagusian. Hegan egin zuten batzuek. Aurtengo irabazleak, Haimar Etxeberriak, duela bi urte irabazi zuenari minutu eta hamazazpi segundoko aldea atera zion. Atera kontuak! Izugarri dabiltzan batzuk daude, eta haien ondoan, gu.

 

2021 06 06 Beñat Fernandez txirrindularia