Ansorregi eta Gisasola baino gehiago izan dira Orbe eta Arruti emakumezkoen estreinako Pentatloian

Barren.eus 2021ko eka. 21a, 18:46

Emakumezkoen Pentatloiko Laboral Kutxa Saria eta Gizonezkoen II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiko finala jokatu zituzten, joan den zapatuan, Tolosako zezen plazan. Estrainekoz jokatu da emakumeen pentatloia eta lehiatu ziren bi bikoteetako bat osatu zuen Uxue Ansorregi kirolari mendaroarrak.

Hiru bikote ziren lehiatzekoak emakumeen pentatloian, baina Claudia Muñozek min hartu zuen aizkorarekin entrenatzen ari zela, eta parte hartzeari uko egin behar izan zioten Muñozek eta berarekin bikotea osatzekoa zen Julia Martinezek. Hala, bi bikote irten ziren Tolosako zezen plazara, Luzia Orbe eta Garazi Arruti batetik, eta bestetik Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarrak eta Uxue Ansorregik osatutako.

Arrutik eta Orbek nagusitasunez irabazi zuten lehia, 29 minutu eta 45 segundoan osatu baitzituzten lanak. Gisasolak eta Ansorregik minutu batv eta 41 segundo gehiago behar izan zituzten lanak bukatzeko 31 minutu eta 27 segundo, zehazki.
Bikote bakoitzak 63 kiloko harriari hogei jasoaldi eman behar izan zizkion, eta Ansorregik zailtasunak eduki zituen lanak bukatzen. Halako harririk sekula altxatu gabea zela eta teknika menperatzea falta zitzaiola aitortu zuen Ansorregik, joan den apirilean BARRENen argitaratutako elkarrizketan. Mallabiako Zelai baserrian entrenatzen ari zela harri jasotzen ere azaldu zuen, Zelailuzerekin, baina plazan ez zuen asmatu harriarekin, eta ondorengo lan guztiak baldintzatu zizkion. Harri jasotze proba amaitu ostean, giza probara pasa ziren lehiakideak, eta bi plaza egin zituzten, bakoitzak bana. Gero, aizkorarekin, 45 hontzako bi enbor ebaki zituzten, txingak hartuta sei plaza egin zituzten ondoren, eta azkenik, korrika bi kilometroko ibilbidea osatu zuten plazan bertan.
 • Ansorregiren balorazioa
Tolosako plazan egin zuen lanak ez du erabat asebete Uxue Ansorregi, baina irakaspen ona izango dela uste du. "Ezin izan nuen gustatu izango litzaidakeen moduan probaz gozatu, harria jasotzeko lanetan paliza handia hartu nuelako. Bero handia egiten zuen, harria ez irristatzeko eskuetan eta harrian jartzen dugun kolak ere irrist egiten zidan... sentsazio txarrak eduki nituen eta deseroso aritu nintzen. Giza probatik aurrera aldea errekuperatu genien arren, aurrez xahututako indarren falta igarri nuen. Edonola ere, nahi adina gozatu ez arren, esperientzia polita izan da eta datorren urterako gehiago entrenatuko dut, nire onena emateko". Ildo berean mintzatu da Ansorregirekin bikotea osatu zuen Karmele Gisasola ere: "Gustura gaude egindako lanarekin, baina ikusi zen oraindik asko dugula ikasteko. Entrenatzen jarraitu beharko dugu", adierazi zuen. Bikote honen hurrengo hitzordua uztailaren 24an izango da, Berrizen jokatuko duten den Bizkaiko pentatloi txapelketan.

Gizonezkoei dagokionez, Jexux Mari Iruretagoiena eta Andoni Iruretagoiena osaba-iloba zarauztarrak izan ziren nagusi Binakako II. Euskal Pentatloi Txapelketan, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarren aurretik.

*Argazkiak:ataria.eus

2021 06 19 pentatloia tolosa uxue ansorregi harriagaz arg atariaeus tokikom 700x700

2021 06 19 pentatloia tolosa uxue ansorregi gizaproba arg atariaeus tokikom 700x700

2021 06 19 pentatloia tolosa uxue ansorregi podiuma arg atariaeus tokikom 700x700

2021 06 19 pentatloia tolosa uxue ansorregi karmelegaz arg atariaeus tokikom 700x700