Bi elgoibartarrek hartu dute parte 100 kilometroko Espainiako Txapelketan

Barren.eus 2021ko eka. 15a, 15:17

Espainiako 100 eta 50 kilometroko Txapelketak jokatu zituzten zapatuan Santanderren, eta bi elgoibartarrek hartu zuten parte distantzia luzeeneko lasterketan, -Jose Luis Diez 'Txelu'k eta Edu Uribek-. Lander Azpiazu, berriz, 50 kilometroko lasterketan lehiatu zen.

140 lagunek hartu zuten parte 100 kilometroko Espainiako Txapelketan, maila nagusian eta master kategorian; eta, 65 saltakarik lortu zuten proba amaitzea, bukatzea bera lorpena baita, eta are gehiago zapatuan egin zuen beroarekin. Santanderren dagoen La Vaguada de las Llamas izeneko parkean prestatu zuten 5 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren ultra distantziako antxitxikariak. Hogei itzuli eman behar zizkioten zirkuituari, 100 kilometroak osatzeko. 50 metroko bi igoera eta bi jaitsiera arin ziren zirkuituko zailtasun bakarrak. Goizeko 7:00etan irten ziren 50 kilometroko proban lehiatu ziren parte hartzaileak eta minutu batzuk beranduago 100 kilometrokoak.

Morkaiko taldea ordezkatu zuen Jose Luis Diez 'Txelu'k hamar ordu eta erdi eman zituen saltaka 100 kilometroak osatzeko, eta 42. postuan sailkatu zen, 10:30:11ko denborarekin. Zirkuituari eginiko itzulirik azkarrena 24 minutu eta 27 segundoan osatu zuen. Bere helburua hamar orduren bueltan ibiltzea zela azaldu du Txeluk, baina beroak asko zaildu zituen bere asmoak. "Eguerdi aldera arte korrika egiteko eguraldi ona eduki genuen, baina hortik atzera gogor jo zuen eguzkiak. Eskerrak Mintxetan beroarekin korrika egitera ohitzeko entrenamenduak eginak nituela, eguerdietan eta arratsaldeko lehen orduetan joaten bainintzen korrika egitera", azaldu du. Era honetako probetan hidratazioa zaintzea funtzeskoa dela dio. "Litro erdi likido edaten nuen, hamar kilometroko, bost bat litro guztira, eta orduero 60-70 gramo karbohidrato hartzen nituen; gelak, barritak eta horrelakoak". Txeluk eskarmentu handia du mendian eta mendi lasterketetan eta horietan pilatutako esperientziari esker hartu du parte orain errepide gainean egiten den proba honetan. "Ezin da gauetik goizera horrelako proba batean parte hartu, ibilbide bat egin behar da. Nire kasuan, Ehunmilak, Hiru Handiak, G2 eta 200 kilometroko ibilbidea duen Bocineros-Deiadar Xtreme probetan hartu dut parte azken urteetan, eta horiek ekarri naute hona". Indarrak neurtzen eta dosifikatzen jakin behar dela azaldu du, "benetako lasterketa 50 kilometrotik aurrera hasten baita, eta mentalki indartsu egon behar da. Gainera, zirkuitu batean korrika egiterakoan beti da errazagoa erretiratzeko ideia burutik pasatzea, mendian galduta zaudenean baino eskurago baitago aukera hori, familiakoak animoak ematen dauden lekuan gelditu, eseri... eta kitto!". Parte hartzaile bakoitzak bere anoa postu propioa zuen (irudian).

2021 06 12 jose luis diez txelu 100 km espainia txap santander morkaiko anoagunea

 • Edu Uribek denbora muga gainditu zuen
Korrikalariek 13 orduko denbora-muga zuten proba amaitzeko eta horrek, "bai ala bai" erritmo bat ezartzera behartzen zaituela argitu du Txeluk, ez da "martxa bat", alegia.
Edu Uribe elgoibartarrak ere hartu zuen parte 100 kilometroko proban, baina denbora muga gainditu zuen 90 kilometro eginak zituenean. Beroak asko baldintzatu zuela proba azaldu du Uribek. Duela bi urte ere hartu zuen parte Santanderren jokatzen den lasterketan eta 12 ordu eta 26 minutuan bukatzea lortu zuen orduko hartan. Manel Deli kataluniarrak irabazi zuen proba, 6:55:21eko denbora eginda, distantzia honetan korrika egin zuen estreinako aldian. Emakumezkoetan Sophie Le Beherec izan zen azkarrena (8:27:13).
Lander Azpiazu Garay elgoibartarrak 50 kilometroko proban hartu zuen parte, eta 56. postuan amaitu zuen, 03:59:49ko denbora eginda. Estreinakoz Espainiako Txapelketa egon da jokoan distantzia honetan, eta Alberto Puyuelo (2:51:54) eta María Mercedes Pila Viracocha (3:33:33) gailendu ziren.