Hodei Ezpeleta mendaroarrak jantzi du Urrezko Aizkolarien banakako txapela

Barren.eus 2021ko eka. 14a, 11:19

Hodei Ezpeleta mendaroarrak irabazi du EgurSportek antolatutako Urrezko Aizkolari Txapelketa. Lekunberrin jokatu zuten atzo buruz buruko txapelketa, aizkora munduko garrantzitsuenetarikoa.

XXIV. Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako finala jokatu zuten atzo, ekainak 13, Lekunberrin. Azpeitian zen jokatzekoa finala, halaxe egin baitute azken 14 urteetan, baina Nafarroan ikusleekin jokatu ahal izango zela-eta, antolatzaileek Lekunberriko Jaian Jai pilotalekura eraman zuten finala. Pandemia hasi zenetik ikuslerik gabe jokatu dituzte herri kirol txapelketak eta Lekunberrin publikoa batu zen estreinakoz harmailetan, 200 lagun (%40ko aforoa), hain zuzen ere.

Lehiari dagokionez, 45 aizkolarik hartu dute parte Urrezko Banakako Aizkolarien 24. ekitaldi honetan, eta bost kanporaketa eta bi finalerdi jokatu ostean, hiru aizkolaririk onenak sailkatu ziren finalerako: Hodei Ezpeleta mendaroarra eta Patxi Mindegia eta Oier Kañamares nafarrak.
Finalean hiru ariketa egin behar zituzten. Horietako bitan Patxi Mindegia izan zen azkarrena eta 35 segundoko aldearekin hasi zuen hirugarren eta azken ariketa, baina atzekoz aurrera eginez aurrea hartu zion Ezpeletak, eta bera izan zen lanak amaitzen azkarrena. Azken ariketan 60 ontzako lau egur moztu behar zituzten eta indar erakustaldia eman zuen aizkolari mendaroarrak (ikus emaitzak). Indarrez hustuta amaitu zuen saioa, asko sufrituta. Hori dela-eta, are hunkigarriagoa izan zen aitak, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri'k, lanak amaitu berritan semeari eman zion besarkada. ETB1ean zuzenean eman zuten Lekunberriko herri kirol jaialdia, aizkolarien lehiaz gainera Hiru Hamarreko Harrijasotze txapelketa ere jokatu baitzuten (Nahiera atalean ikus daiteke).

Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketaren estreinako edizioa 1998an jokatu zuten, eta Joxe Miel Peñagarikano gailendu zen lehen ekitaldi hartan. Ondoren, aizkora munduko izen handiak ageri dira txapelketa honen palmaresean, besteak beste, Joxe Mari Olasagasti, Donato Larretxea, Floren Nazabal edo Iker Vicente. Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra zen orain arteko azken irabazlea. Hodei Ezpeletak, baina, izen handiko aizkolari horien artean egoteari baino garrantzi handiagoa ematen dio denborei, eta hor ez du bere burua "hain goian" ikusten, proba amaitu berritan Euskal Telebistako kameren aurrean egin zituen adierazpenetan azaldu zuen moduan. Azken ariketarari, aitak eskatu moduan, ausardiaz egin ziola aurre azaldu zuen Ezpeletak, "hil ala bizi". Nekatuta bukatu arren, ahaleginak eta nekeak merezi izan zutela gaineratu zuen.

Azken ariketarari, aitak eskatu moduan, ausardiaz egin ziola aurre azaldu zuen Ezpeletak, "hil ala bizi". Nekatuta bukatu arren, ahaleginak eta nekeak merezi izan zutela gaineratu zuen. Azken egurrean aitak lanean jarraitzeko esanez harmailetatik ematen zizkion aginduak entzuten zituela aitortu zuen Hodeik. "Zama bat gehiago bizkarrera izan da aitaren ahotsa entzutea, baina ondo irten da dena".

Mendaro, Elgoibar eta Eibarko lagunak izan zituen gogoan Ezpeletak garaipenean, "nere alboan izan ditudanak, beraiek badakite zein diren. Eta, batez ere, txapel hau eskaintzen diet nire lagun handia den Dioni Cortinan emazteari, Karmele Etxaberi eta nire laguna izan den Aitor Gandiagari", adierazi zuen txapeldunak, hunkituta.

2021 06 13 hodei ezpeleta txapeldun lekunberri urrezkoaizkora eitb

2021 06 13 hodei ezpeleta aita besarkada urrezko aizkora

2021 06 13 urrezko aizkora lekunberri ezpeleta aitasemeak arg Patxi cascante

∞Lotura duten albisteak