Imanol Alvarezek Frantziako Beaujolais Tourrean parte hartuko du

Barren.eus 2021ko eka. 11a, 15:23

Ekainaren 12tik 13ra biratean jokatuko dute Frantzian Beaujolais Tourra, goi mailako txirrindulariak batzen dituen lasterketa. Irteera hartuko duten 23 taldeetatik 21 frantziarrak dira, bat suitzarra eta beste bat Eiser Hirumet txirrindulari talde euskalduna, Imanol Alvarez elgoibartarraren taldea.

Imanol Alvarez, Jon Polledo, Dani Cavia, Jokin Sarasola, Iñaki Guaresti eta Oier Ibarguren —Cajar Rural taldeak utzita— txirrindulariek osatuko dute Beaujolais Tourrean lehiatuko den Eiser Hirumet taldea. Bi etapatan ibilbide menditsuari aurre egin beharko diete, eta hortaz ibilbide gogorrean eta gazte mailako goi mailako txirrindularien aurka indarrak neurtzeko aukera ona edukiko dute, euren benetako mailarenn berri izateko. Duela bi urte Geoffrey Bouchard gailendu zen proba honetan, gaur egun AG2R talde profesionalean diharduen txirrindularia.
Eiser Hirumet talde bizkaitarrak laugarren urtez jarraian hartuko du parte proba honetan. Frantzia hego-ekialdeko eskualdea den Rhone-Alpesen jokatzen da proba hau, Alpeen inguruan eta Lyon hiriburutik gertu.

Lehen etapa, ekainaren 12an, Villefranche/Saonen hasi eta Lierguesen amaituko da, 147 kilometroko ibilbidea osatuta.
Ekainaren 13an jokatuiko duten bigarren etapak bi zati izango ditu. Lehenengoan Fleurie eta St- Georges-De-Reneins lotuko dituzte 50 kilometroko ibilbidean. Bigarren zatiak (Quincie En Beaujolais- St Etienne des Oullieres) 100 kilometroko ibilbidea izango du eta lau portu igo beharko dituzte. Azken igoera lehen mailako mendatea den Marchampt-era egin beharko dute.