Hodei Ezpeleta Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalean lehiatuko da

Barren.eus 2021ko eka. 10a, 20:40

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako hogeita laugarren ekitaldiko finala jokatuko dute domekan, ekainaren 13an, Lekunberrin. Euskal Telebistak zuzenean emango du finala. Finalean lehiatuko diren aizkolarietako bat izango da Hodei Ezpeleta mendaroarra.

45 aizkolarik hartu dute parte Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketan, XXIV. Euskal Label Sarian. Bost kanporaketa eta bi finalerdi jokatu ostean, hiru aizkolaririk onenak sailkatu dira finalerako, eta horien artean da Hodei Ezpeleta. Aizkolari mendaroarrak joan den maiatzaren 30ean Gasteizen jokatutako finalerdian lortu zuen finalerako txartela, Patxi Mindegia eta Oier Kañamaresekin batera. Finalaurrekoan bost nafar izan zituen aurkari gipuzkoarrak: Oier Kañamares IV.a, Patxi Mindegia, Joxean Etxeberria eta Xuban Kañamares V.a. Aurkariak gain hartzeko lana latz egiteaz gainera, zutikako enborra mozteko lanean aizkoraren kirtena apurtu izana ere gainditu behar izan zuen.

Aizkolari bakoitzak bina enbor moztu zituzten, bi txandatan. Txanda batean, Xuban Kañamares V.a (7´42´´), Patxi Mindegia (7´09´´) eta Ibai Soroa (8´08´´) aritu ziren. Bigarren txandan, Joxean Etxeberria (7´16´´), Oier Kañamares IV.a (6´49´´) eta Hodei Ezpeleta (6´30´´).

Egindako denbora horien arabera jokatu zituzten hurrengo neurketak, azken fasean: Patxi Mindegia (7´00´´) Joxean Etxeberriaren aurka (7´40´´), Xuban Kañamares V.a (7´57´´) Oier Kañamares IV.a (7´21´´), eta Ibai Soroa (7´40´´) Hodei Ezpeletaren aurka (6´45´´). Azkenean beraz, finalera sailkatzea lortu zuten Patxi Mindegiak, Oier Kañamares IV.ak eta Hodei Ezpeletak. (ikus finaledietan eginiko lanak eta emaitzak)

2021 06 10 urrezko aizkora finalerdia gasteiz arg egursport

Lekunberrin jokatuko dute Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finala, ekainaren 13an, 12:00etan hasita. Joan den urtean, pandemia dela-eta atzeratu egin zuten txapelketa hau (ekainaren bukaeran hasi zen) eta Julen Alberdi "Txikia IV." nagusitu zen, ezustekoa emanez.

∞Lotura duten albisteak