Alcorta Kopatik kanporatu du Bidasoak

Barren.eus 2015ko aza. 4a, 22:37

Ez da ezustekorik egon. Bi taldeen artean dagoen aldea agerian geratu da, eta C.D. Bidasoak 15-31 hartu du mendean Alcorta Forging Group. Honenbestez, Irungo taldea sailkatu da Euskadiko Kopako finalerdietara.

Alcortak eta Bidasoak lehen zati parekatua jokatu dute, gaur iluntzean Olaizaga kiroldegian jokatu duten Euskadiko Kopako kanporaketan. Gehienez ere gol bateko aldea izan dute batak zein besteak, bederatzinako berdinketara arte. Lehen zatiaren azken hamar minutuetan, baina, abantaila txikia lortu du Fernando Bolearen taldeak eta lau goleko aldeaz ailegatu dira atsedenaldira, 11-15.

Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Bidasoako jokalariek jokoaren erritmoa bizitu dute erasoan eta defentsa gogortu atzean. Horren ondorioz, arazo handiak izan ditu Alcortak baloiaren zirkulazioan. Jokalari handiak eta sendoak ditu Bidasoak defentsa lanetarako eta horiek gaindituta ere, Asier Zubiria atezaina gaindiezina izan da gaur elgoibartarrentzat. Erakustaldia eman du Bidasoako atezain usurbildarrak, eta giltzaz itxi du bisitarien atea, batez ere bigarren zatian. Hiru penalti geratu ditu, Alcortak markagailuan gerturatzeko izan zitzakeen aukerak zapuztuz. Gaurkoan estatistikek ez diote gezurrik. Alcortak lau gol bakarrik sartu ditu bigarren zatian, eta horietako hiru partidaren ondarrean. Bidasoak bigarren zatian sartu dituen gol gehienak, berriz, kontraerasotan iritsi dira. 16-4 izan da bigarren zatiko markagailua.

Asobal Ligara igotzeko hautagaietako bat da C.D. Bisasoa eta halaxe egiaztatu du gaur gauean Olaizaga kiroldegian. Alcortak lehen zati txukuna osatu du eta maila handiko talde baten aurka jokatzeko aukera izan dute taldeko jokalari guztiek.

2015 11 04 alcorta bidasoa1

2015 11 04 alcorta bidasoa

2015 11 04 alcorta bidasoa armendia

2015 11 04 alcorta bidasoa iriarte

2015 11 04 alcorta bidasoa falta

2015 11 04 alcorta bidasoa penalti zubiria

2015 11 04 alcorta bidasoav

2015 11 04 alcorta bidasoa amaiera

2015 11 04 alcorta bidasoa amaiera2