Tenerife Bluetrail mendi lasterketa 10 orduz azpitik bukatu zuen Juanan Martinek

Barren.eus 2021ko eka. 9a, 16:48

Tenerife Bluetrail mendiko ultrail lasterketan lehiatu zen Juanan Martin, joan den ekainaren 5ean, eta pozik itzuli da ultratrail distantzian izan duen estreinako esperientziarekin.

Vilaflorretik abiatu eta Puerto de La Cruzko Martinez aintziran amaitzen zen 74 kilometroko proban 124. postua lortu zuen elgoibartarrak, 9:53:31ko denbora eginda. 500 saltakari inguru batu ziren 74 kilometroko probaren irteeran, eta ia erdiek laga zuten bertan behera. Maila handiko mendi lasterkariak batu dira aurtengoan, Espainiako Txapelketa jokoan baitzegoen, FEDME Mendiko eta Eskaladako Espainiako Federazioak antolatutakoa, eta euskal selekzioko antxitxikariek ere hartu zuten parte.

Nazioarteko proba erakargarrienetako bat da Tenerife BlueTrail, daukan zailtasun teknikoarengatik, paisaiaren berezitasunarengatik eta punturen batean 2418 metroraino iristeagatik, Teideko Parke Nazionaletik igarotzen baita ibilbidea. Hala, garaiena altuenean korritzen den Europako bigarren lasterketa da. Hamargarren edizioa izan da aurtengoa eta 29 herrialdetako 2.200 lagunek parte hartu zuten distantzia desberdinetako probetan.
 • Lasterketa asko bere baitan
Lasterketa berezia bezain gogorra izan dela aitortu du Juanan Martinek, eta bere baitan lasterketa asko hartzen dituen proba dela iruditu zaio. "Gauez, goizaldeko 6:00etan irten ginen korrika eta lehen kilometroak Marteren gainazala dirudien inguru lehorrean, basamortu itxurakoan, egin genituen, bero handiarekin. Area gainean ere egin genuen korrika sei bat kilometroan. Lehen kilometroak atzean laga ostean, izugarri aldatzen da paisaia eta oihan heze batetik igarotzen da ibilbidea. Behelainoa zela-eta pare bat aldiz galdu nintzen barren!, eta ni moduan ibili ziren beste batzuek ere, ibilbidea ez baitzegoen oso ondo markatuta. jaitsierak ere izugarriak ziren, oso teknikoak. Aldapan behera asko gozatzen dut eta ondo moldatzen naiz, baina harrituta gelditu naiz parte hartzaile batzuk nola jaisten ziren ikusita ", azaldu du du.

Inoiz egin duen probarik berezienetakoa izan dela dio Martinek, eta gorputzarentzat baino ahalegin handiagoa eskatzen duela buruarentzat. "Asko eskertu nuen familiakoen eta emaztearen babesa. Koinata eta lehengusu batzuek Tenerifen bizi dira eta haien eta hemendik joandakoen animoak funtsezkoak izan ziren amore ez emateko, ibilbideko une kritiko batean jaso nuen haien babesa eta aurrera egiten lagundu zidaten", esan du. Ultratraileko lehen zatia azkarregi egin zuela uste du, halako probetan duen esperientzia faltagatik, eta amaieran igarri zuen indar falta hori. "Azken hamabi kilometroak bi ordutan egin nituela uste dut". Halere, pozik dago bizitako esperientziarekin eta lasterketan ezagutu duen jendearekin, horrelako lasterketa luzeek gainerako partaideekin harremana izateko aukera ematen dutelako. BARRENi emandako elkarrizketan azaldu zuen moduan, denboraldi honetarako zuen helburu nagusia zen proba hau bukatzea, eta ahal bazuen 9 edo 10 orduren bueltan ibiltzea, eta lortu du.

2021 06 05 juanan martin tenerife bluetrail