Senior eta junior mailako saskibaloi taldeak izango ditu datorren urtean Elgoibarrek

Barren.eus 2021ko eka. 9a, 14:01

Senior mailako taldeaz gainera, estreinakoz junior mailakoa (2004an eta 2005ean jaiotakoak) ere edukiko du datorren denboraldian Elgoibarko Saskibaloi Taldeak. Batera zein bestera batu nahi dutenek ateak zabalik dituztela azaldu du taldeko kide Carlos Lahozek.

Hilabete honetan, martitzenetan eta eguenetan egingo dituzte entrenamenduak, 19:30ean, Olaizaga kiroldegian. Taldera batzeko interesa dutenek entrenamenduetara agertzearekin nahikoa dela esan du Lahozek edo honako telefono zenbakira deituta: 618 259 339.

Era berean, ez dizkiote ateak ixten beste kategoriaren batean talderen bat osatzeko aukerari, eta izena ematera animatu dituzte herriko neska-mutilak. Izan ere, Saskibaloi Eskola bat sortzea gustatuko litzaike. Asmo honen berri ikastetxeetan ere eman nahi dutela aurreratu dute.

2021 06 09 saskibaloia elgoibarren michael jordan

Bi denboralditan ez zen saskibaloi talderik osatu Elgoibarren, baina 2020ko irailean indarberrituta itzuli ziren lehiara. Modelberri Elgoibar izenarekin hasi ziren lehiatzen 2020-2021 denboraldian, harik eta pandemiak txapelketa bertan behera laga zuen arte, hasi eta bat.
"Erretiroa gertu daukagu batzuek, urte mordoa baidaramatzagu saskibaloian jokatzen, baina honakoa gure azken dantza izatea gustatuko litzaiguke", azaldu zion orduan BARRENi Carlos Lahozek, Michael Jordani buruzko dokumental entzutetsuari erreferentzia eginez. "Eta, garrantzitsuagoa dena, talde egitura sendo bat laga nahi diegu ondorengoei, Elgoibarrek merezi baitu saskibaloi talde bat edukitzea datozen urteetan ere. Hori izango da gure erronka", gaineratu zuen. Asmo horretan lanean jarraitu dute eta gaztetxoen taldea osatzea lortu dute orain estreinakoz.