June Loidik, bere aurkezpenean: "Urratsa emateko unea da"

Barren.eus 2021ko eka. 5a, 11:29

Bera Bera kirol taldeak eguenean, ekainaren 3an, aurkeztu zuen June Loidi, datorren denboraldirako egin duten fitxaketetako bat. “Bera Berara etortzea kirol arloan urrats oso handia da”, esan zuen eskubaloi jokalari elgoibartarrak Josean Gasca kiroldegian egin zuten aurkezpenean.

Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendia alboan zuela aurkeztu zuen Donostiako kirol taldeak June Loidi. Bera Berak lehenago ere fitxatu nahi izan zuen 21 urteko ezker alboko jokalaria, baina aukera horri muzin egin edo atzeratzea nahiago izan zuen Loidik, eta Zuazo taldeak eginiko eskaintza onartu zuen. “Deitu ninduten lehenengo aldian kirol ikuspegi batetik ez nuen nire burua prest ikusten, orain heldutasun puntu bat gehiago dut eta ohorezko mailan urte gehiagoko esperientzia”. Horregatik, Loidik uste du orain urrats hori emateko unea iritsi dela eta jokalari onenengatik ikasteko aukera izango duela Liga txapelketa zazpigarren aldiz irabazi duen Super Amara Bera Bera taldean.

Sanlok utzita Zubileta Evolution BM Zuazo taldean jokatu dituen hiru denboraldiak ere gogoan izan zituen Loidik aurkezpenean. Barakaldoko taldean bizi izandako esperientzia "sinestezina" izan dela nabarmendu zuen. "Asko eskertzen diet ohorezko mailan aritzeko aukera emateagatik, Zilarrezko Mailan inoiz jokatu gabe egon arren, jubenil mailatik ohorezko mailara pasa bainintzen zuzenean", azaldu zuen.
Donostiako taldeak Superkopa, Liga eta European League txapelketetan lehiatzeaz gainera, Kopa txapelketa etxean jokatuko du datorren denboraldian. “Anbizio handiko denboraldia” ikusten du June Loidik. “Taldekideengatik ikasteko irrikan nago, pertsona bezala hazi nahi dut”, adierazi du taldeko jokalaririk gazteena izango denak, 2000. urtean jaiotako bakarra baita. Loidik onartu du txikia zenean Bera Berako partidak ikustera joaten zela, eta, orain, taldeko jokalaria izateak ilusio handia egiten diola. "Oinak lurrean izan nahi ditut eta poliki poliki eta urratsez urrats joan nahi dut”, esan zuen.

Sanlo kirol taldeari eskerrak eman zizkion Tati Garmendiak, June Loidi Super Amara Bera Berako jokalari izateko emandako erraztasunengatik. Bera Bera Eskubaloiko arduradunaren esanetan, jokalari gipuzkoar onenak Bera Beran egotea da euren helburua.

∞Lotura duten albisteak: