Alcorta vs Bidasoa, Euskadiko Kopako kanporaketako partida eguaztenean Olaizagan

Barren.eus 2015ko aza. 3a, 07:31

Bidasoa Irun talde historikoaren aurka jokatuko du Alcorta Forging Group taldeak Euskadiko Kopako final-laurdenetako kanporaketa. Eguazten honetan, hilaren 4an, jokatuko dute Olaizaga kiroldegian.

Goi mailako partida ikusteko aukera izango da, eguazten honetan, Olaizaga kiroldegian (20:15). Gaur egun maila eta une apalagoa bizi badute ere, Europako txapeldun (Europako Kopa eta Errekopa irabazi zituen 90eko hamarkadan) izan den talde historiko baten bisita jasoko du Sanloko senior gizonezkoen talde nagusiak, eta gainera, partida ofizialean izango da. Euskadiko Kopako kanporaketa egongo da jokoan, partida bakarrera jokatuko den kanporaketa. Lehen fasean hiru taldez osatutako multzoan jokatu zuen Alcortak, eta bigarren postuan geratu ostean lortu zuen final-laurdenetarako sailkapena. 

Ohorezko B Mailan jokatzen dihardu C.D. Bidasoak eta momentuz ondo kokatuta daude Asobal Ligara igotzeko lehian. Bigarren postuan sailkatuta daude, jokatutako zortzi partidetatik bakarra galdu ostean. Hain justu ere, joan den asteburuan galdu zuten denboraldiko lehen partida Kordoban, Zumosol Ars Palma Del Rio taldearen aurka. Gertutik jarraitu beharreko jokalari on asko dauzka Irungo taldeak, besteak beste, Jon Azkue oriotarra, Kauldi Odriozola zumaiarra eta Adrian Crowley irundarra. 

•Herritarren babesa

Etxeko taldeari dagokionez, Alcortako jokalariak dena ematera irtengo direla eta partida hau jokatzeko ilusio handia dutela jakinarazi dute Sanlotik. Talde beteranoa da Alcorta. Jokalari gehienek urte dezente daramatzate elkarrekin jokatzen eta horixe da taldearen indarguneetako bat, elkar ondo ezagutzeak joko landua egiteko aukera ematen baitio. Era berean, partida bakarrera jokatuko den kanporaketa izanik, aurrera egiteko aukerak handiagoak dira Alcortarentzat. Sanloko arduradunek herritarren babesa eskatu dute kanporaketa gainditzeko, eta herritarrak partida ikustera animatu nahi dituzte. Sarrerak hiru euroan jarriko dira salgai (12 urtetik beherakoentzat doan)

2015 11 03 alcorta 2015 2016denboraldia