“Aurpegira begiratu ere egin gabe jakinarazi zidaten kaleratu egin nindutela”

Barren.eus 2021ko mai. 28a, 12:29

Kirola eta musika dira Oier Gurrutxagaren (Elgoibar, 1976) afizioetako bi, eta biak uztartu zituen oraintsu kaleratu duen 'Ez aitzaki ta ez atxiki' abestian. Pilota munduan azkenaldian izan diren lan gatazkak eta injustiziak salatzen ditu abestian, eta baita bere kaleratzea ere, urtebete inguruan pilota epaile lanetan aritu ostean kaleratu baitzuten. Horren inguruan eta epaileen lanaren nondik norakoez berba egin du BARRENek berarekin.

 

 • Hasi gaitezen bukaeratik. Pilota epaile lanetan aritu zara profesionaletan, kaleratu zaituzten arte. Kontaguzu zer gertatu den, zein da zure bertsioa?
Aurpegira begiratu ere egin gabe jakinarazi zidaten kaleratzea; bat-batekoa izan zen. E-posta bat jaso nuen zapatu gau batean, 23:00etan: ‘kaleratuta’. Nik argi daukadana da astebete lehenagoko gertakari batekin duela zerikusia kaleratzeak. Partida berezi batean aritu nintzen epaile Donostian. Baiko eta Aspe enpresetako lau aurrelarik jokatu zuten elkarren aurka. Laso eta Aimar Olaizola batetik, Aimar atzelari modura. Eta bestetik, Altuna eta Irribarria, azken hau atzean. Jendez gainezka zegoen frontoia, ikusmin handia sortu zelako. Partidak, baina, ez zuen kolorerik, 12-2ko emaitzarekin aurreratu zirelako Irribarria eta Altuna. Irribarria indartsu zegoen sasoi hartan eta bere pilotakadekin errebote aldean zuen uneoro Aimar. Hori ikusita, Baikoko intendentea den Pablo Berasaluzek aurrelari jartzeko proposatu zion Aimarri. 'Que vergüenza, que vergüenza, zer esango dute ikusleek' esan zion Aimarrek. Bera eta Irribarria atzelari ikustea baitzen neurketa hark zuen erakargarriena. Takilakoa ere asaldatu zen hori entzutean, kartelean Aimarrek atzelari jokatuko zuela jartzen zuela ohartarazi zigun, eta hori ezin zela aldatu. Sortu zen iskanbila Aspeko intendente Jon Apezetxearen belarrietara ere ailegatu zen. Pablori [Berasaluze] behin eta berriro errepikatu nion bazegoela Aimar atzetik aurrera pasatzeko aukera, araudiak horretarako aukera ematen duelako. Ez zuten ezer aldatu, besteengandik presio handia jaso zutelako. Une horretan Apezetxeak, ziurrenik bere gainetik dituen Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialarekin eta Vidarte [Fernando Vidarte], Aspeko nagusiarekin, telefonoz hitz egin eta gero, honakoa esan zidan: ‘Tienes bronca del jefe’. “Ugazaba? zurea izango da” erantzun nion, ez nirea. Inguruan zeuden pilotazale eta pilotariak aztoratu zituen nire erantzunak, eta marmar handia sortu zuten nire hitzek. ‘Entzun al duk zer esan dion?’, eta halakoak entzun nituen.

 • Epaileon lana araudia betearaztea da baina.
Bai. Nik Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren interesak eta araudia defendatzen ditut epaile nabilenetan. Liga horren barruan daude noski Baiko zein Aspe pilota enpresak, baina Vidarte ez da nire nagusia, nahiz eta gertatuak gertatu... badela ematen duen. Kontua da, zeharo galduta zirudien partida irauli zutela Aimarrek eta Lasok. Tanto batean atzetik ibili zen Laso eta ondo eutsi zion Irribarriari. Hori ikusita, tantoa egin ostean, Aimarrek pilota hartu eta berak egin zuen sakea. Sakea egitera zihoanean korredore batek geldiarazi zuen ia, korredore batek!. Markagailua berdintzea lortu zuten, eta apustulariak larritzen hasi ziren, egindako apustuak kubritzen, dirurik ez galtzeko. Gutxigatik, baina Altunak eta Irribarriak irabazi zuten partida hura. Partida ikusgarria irten zen azkenean, baina honakoa da nire galdera: Zer nahi dute enpresek: ikuskizuna ematen duten partidak izatea eta ikusleak gustura lagatzea ala beraien lau apustulariek une txarrik ez pasatzea? Partida hori jokatu eta astebetera kaleratu ninduten. Epaileen lana araudia betearaztea dela denen aurrean defendatu nuelako eta enpresako buruak ez direla nire ugazabak denen aurrean esateagatik.

 • Kaleratzearen berri eman zizutenean zer egin zenuen? Azaldu zenien zure bertsioa?
Ba hitz batean azaltzeko hondoa jo nuen, zulo batean aurkitu nintzen. Une hartan ez nuen protestarik egin edo ahotsik altxatu, eurek dutelako inor kontratatu edo kaleratzeko eskumena. Pozik eta gustura ari nintzen epaile lanean. Lotura handia eskatzen duela zen traba bakarra. Irakasle lanarekin uztartu behar nuen, eta asteburu eta jai egun guztiak okupatuta nituen. Gainera, esperientzia handirik ez nuen arren, ez nintzen gaizki moldatzen. Epaitzeko tantorik zailenak, eztabaidatsuenak, apuntatu egiten nituen eta gero telebistaz ikusi, asmatu nuen ala ez jakiteko. Ia denetan asmatzen nuen. Berez, ez da lan zaila, baina bai ardura handikoa. Zure erabaki batek pilotari baten edo bestearen buruan jarri dezake txapela, edo milaka euro batera edo bestera bidali. Presio handia nabaritzen da pilotalekuan; eta, gainera, apustu handienak egiten dituztenak lehen lerroan eserita egoten dira normalean.

 • Zer egin behar da pilotako epaile izateko?
Beharbada ez naiz ni egokiena galdera horri erantzuteko. Bide bat egon badagoen arren, une oso berezi batean ailegatu nintzen ni. Lehen, pilota federazioek ipintzen zituzten epaileak. Federazioen eta enpresa pribatuen artean hainbat arazo egon ziren. Kexatu egin ziren, Gipuzkoako epaileak bereziki, eta greba moduko bat egin zuten. Epaileek pilota partidetara sartzeko dituzten paseekin izan zuten desadostasunik handiena, soldatak eguneratzea ere eskatzen zuten arren. Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) enpresek, Aspek eta Baikok, pilota profesionala eta amateurra elkarrengandik erabat banandu zituen erabakia hartu zuten orduan: euren epaile propioak hasi ziren jartzen pilota jaialdi profesionaletan, federazioetatik aparte. Orduan, 2019ko martxoan, EPELeko enpresek euren epaile multzo partikularra aukeratzeko casting moduko bat zabaldu zuten. Egunkarian ikusi nuen nik epaileak

 • Zenbat denbora egin zenuen epaile lanetan?
2019ko apiriletik 2020ko udara arte. ‘Ez aitzaki eta ez atxiki’ kantuaren letran diodan moduan, astebururo astebururo Gipuzkoako frontoi denetan ibili nintzen, Astelenan izan ezik, Bizkaiko epaileak ipintzen dituztelako Eibarren.

 • Epaitu beharreko gauzetatik zer egiten zitzaizun zailena; marrak zaintzea, bi botekoa...?
2021 05 28 ezaitzakitaez atxiki oier gurrutxaga dido mod deba frontoia b1Pilotariek elkarri traba egiten diotenetan edo elkar gurutzatzen direnetan ikusten dut epaileontzat erabakiak hartzeko zailtasun handiena edo hutsune handiena. Horietan epaileak ez dauka aginterik legea ezartzeko. Askotan ikusi ditut halakoak, pilotari bat oso berandu gurutzatu eta pilota jotzera doan pilotariak pilota gaizki jotzea edo galtzea ere bai, besteak ondo ikusten laga ez diolako. Edo beste kontu bat: buelta ematen denean, zergatik atera behar du sakea zerbait gaizki egin duenak? Nik uste tantoa kendu beharko litzaiokeela gaizki egin duenari, eta horretarako epaileei erabaki hori hartu ahal izateko agintea eman behar zaie. Araudia betearazteko ahalmen gehiago behar du epaileak. Horregatik ikusten dira gero eta gehiago pilotarien arteko azken orduko gurutzada horiek, eskandaluzkoak batzuk. Epaileak badu falta emateko aukera, araudian jasota dago-eta. Baina, sekula inor ez da ausartu falta ematera, eta nire ustez, pauso hori ematera ausartzeko arduradunen babesa behar dute. Pilotariek argi izango lukete: azken orduan gurutzatuz gero, galdu duzu tantoa. Bi botekoak asmatzea ere ez da erraza, batez ere txokoan direnean, pilotariaren gorputzak ez duelako lagatzen botea ikusten. Kokapena garrantzitsua da, eta hori esperientziarekin eskuratzen da, eta pilotan jokatu izanak ere laguntzen du, frontisetik datorren pilotak botea non eman dezakeen aurreikusteko. Egia esan, epaile asko ez dira larregi mugitzen, ni beti saiatzen nintzen pilotarekin erreferentzia bisuala izaten, anguloak bilatzen. Txapa azpiko pilotakadekin asmatzea ere ez da ematen duen bezain erraza, abiadura bizian doalako pilota eta batzuetan ez delako txaparen soinurik entzuten frontoian. Nire ustez horiek errazagoak dira atzeko epailearentzat, aurrekoaren ardura den arren. Bi epaileen artean zaindu beharrekoa da eta biek elkar ondo hartzea komeni da.

 • Futbolean erabiltzen duten VAR sistemak lekua izango luke pilotan?
Bai. Probatu ere egin zuten, eta ezarri ez badute garestiegia delako da. Kamera asko behar dira. Hala ere, badakit ETBk mahai gainean jarri zuela bere kamerekin hartutako irudiak epaileek erabiltzeko aukera.

 • ‘Ez aitzaki eta ez atxiki’ abestia kaleratzea gainditzeko edo sortu zenuen?
Banekien epaile lanarena ez zela betiko izango, ipurterrea bainaiz eta bidaiatu ahal izateko aukera mugatzen zidalako. Musikari eskaintzeko denbora ere kentzen zidan, eta denbora hori berreskuratu ostean sortu nuen abestia. Oso berezia izan da niretzako, partiturarekin eta pianoarekin kantu bat konposatu dudan estreinako aldia izan baita. Prozesu polita izan zen. Nire ikasle izandako Martinak, Debrass taldeko kideak, jo du tronboia abestirako, eta berari partiturak eman ahal izateak, musikarien hizkuntza horretan komunikatu ahal izateak, asko bete nau, aberasgarria izan da oso. Abestiaren izenburuak badauka esanahia. EPELekoek ez ziguten epaile izateko ikastarorik eman, araudiari buruzko nozio batzuk irakatsi zizkiguten ordu batzuetako saioan. Hor esan ziguten atxikiekin ez burua galtzeko, alegia, ez tantorik galdutzat emateko atxikiengatik. Deigarria egin zitzaidan epaile izan behar duen bati hori esatea: ‘ikusten dudana epaitu beharko dut ba, ezta?’. Iltzatuta gelditu zitzaidan.

 

 • Nondik datorkizu pilotarekiko afizioa?
Esango nuke kirolzalea naizela oro har, baina euskalduna izanda eta frontoiez inguratuta bizi garenez, betidanik gustatu izan zait euskal pilota, modalitate guztiak gainera; remontea - zesta punta bera baino gehiago-, pala, paleta... baina eskuzko pilota, amigo! Teknika eta koordinazio handia behar dira eskuz aritzeko. Jose Javier Zabaleta ikustea besterik ez dago; dantzari eta boxeolari baten arteko kirolaria ematen du. Eta Xala batek zuen teknika ere izugarria eta ikusgarria zen... Hasi hanka puntetatik, aldaka gero eta pilotari jo behar zaion unean kolpea eman, mugimenduak perfektua izan behar du, pilota ibiliko bada. Izugarri estetikoa da esku pilota. Eta teknika garrantzitsua den arren, teknika perfektua eduki gabe ere egin daiteke tantoa, aurkaria engainatuz. Musean moduan, ziria sartu behar zaio aurkariari eta jokoaren parte hori ere asko gustatzen zait.

 • Heziketa Fisikoa ikasi zenuen Gasteizko IVEF-SHEEn eta pilotari buruzko lan bat egin zenuen, ezta?
Goi Errendimenduko Master bat egin nuen eta eskuz banakako lehietako sakeari buruzko lana aurkeztu nuen Master Bukaerarako tesinan. Sakea jokaldi oso garrantzitsua delako egin nuen nire lana lehen pilotakada horren inguruan, orain lehen bezain garrantzitsua ez den arren. Izan ere, garrantzi hori gutxitzeko pasako marra ere aurreratu egin dute, eta ia pilotari gehienak airez sartzen dira orain. Lehen sakea ondo egiteak abantaila handiagoa ematen zuen. Nire lanean egoera itxi bat moduan hartzen nuen sakea, saskibaloian jaurtiketa libre bat den moduan, aurkariek eraginik ez dutelako. Beti da berdina; oso entrenagarria hortaz. Hori aldatu egin zen sakeari airez erantzuten hasi zirenean, aurkaria non dagoen begiratu edo asmatu behar baitu orain sakea egitera doanak eta horren arabera modu batera edo bestera egin sakea. Autohipnozirako teknikak aipatzen nituen nire lanean, sakea hobetzeko. Harreta zerbaitetan fokalizatzearekin lotuta dago. Sakea egin aurretik pilotariek egiten dituzten botetxo horiek dira kontzentratzeko pizgarriak.

2021 05 28 oier gurrutxaga didomod elgoibar frontoian gitarragaz

 • Pilotarekin batera musika da zure beste afizioetako bat. Brosoma produkctions sortu zenuen orain gutxi Deban. Azalduguzu zer den.
Musikan hasiberriak direnei euren abestia edo proiektua aurrera ateratzen laguntzeko sortu nuen Brosoma. Letrekin ez naiz sartzen, baina gainerako ekoizpen prozesuan laguntzen diet. Instrumenturen bat behar badute, doinuak, oinarriak, abestien errepikak sortzen eta antzerakoetan laguntzen diet. Gaztetan punk rokean hasi nintzenetik era askotariko estiloak jorratu ditut musikan. Punk-roketik metalerantz egin nuen lehenik, house-a, flamenkoa, bluesa eta rapa ondoren. Ibilbide horri esker, musikaren ikuspegi orokorra daukadala konturatu nintzen, eta gaitasuna dut hasiberriei beraien estilo propioa bilatzen laguntzeko. Konturatu naiz kaso egiten dietela nik eginiko gomendioei eta emaitza ikusten dutenean arrazoia ematen didatela, eta hori ez zait bizitzako arlo askotan pasatzen. Honetarako balio dudala konturatu naiz (kar, kar, kar).

 • Kontaguzu zein diren orain arte zure eskuetatik pasa diren artistak.
Hip-hop musika egiten duen Deskonozido musikari debarra da bat; Perdon Madre abestian lagundu nion. Rablondy donostiarra da beste bat, potentzial handia duen raplaria, ondo abesten eta entonatzen baitaki. Hip hop melodiko antzeko batera iritsi ginen bion elkarlanari esker, eta La lucha armada abesti potenteaz ere harro nago.

 • ‘Dido Mod’ izen artiskikoaz ari zara zu zeu.
Hiptster inbasio moduko bat bizi genuela-eta, gogaituta, rap estiloko abesti bat sortu nuen. Okerreko eztarritik sartu zitzaidan hipsterren moda hori eta nire izen artistikoa ere hortik dator, Jodido Modernillo-tik. Betidanik gustatu izan zaizkit bertsoak, eta errimak ere azkar ateratzen zaizkit, sagardotegietan bereziki. Rapa, aldiz, inoiz ez da izan nire estiloa. Letra luzeegiak atera zitzaikidalako jo nuen rapera, letra guztia sartu ahal izateko. Hipsterrei eskaini nien lehen abestia, Todo es lo mismo izenekoa. Rap edo hip-hop estiloko abestia izan arren, gitarra flamenkoaren doinuek pisu handia dute, flamenkoa oso garrantzitsua izan baita niretzat azken urteetan. Izenen esanahiez galdetu didazunez, jakin nahi duzu Brosoma nondik datorren?

 • Esan, esan, nondik dator Brosoma izena?
Bi eleberri futuristetan du jatorria Brosoma izenak: Aldous Huxleyren Bai Mundu Berria eta George Orwellen 1984 eleberriak. Big Bro edo anaia handia terminoa asmatu zuen Orwelek. Soma, berriz, diruaren ordez erabiltzen zuten droga aluzinogenoaren izena da, Huxleyk irudikatu zuen mundu distopikoan. Behin irakurri nuen, eta erabat ados nago, aurreko mende hasieran idatzitako eleberriak izanagatik bete-betean asmatu zutela gure gizartea dena, bizi dugun errealitatea. Pandemia aurreko urteetaz ari naiz. Batetik, kontrolpean bizi gara, kamerez inguratuta; eta, bestetik, mugikorren eta sare sozialetako bizimodu birtualaren liluratik askatu ezinda, horiek dira gure soma.

 • Zein da zure hurrengo proiektua?
Txiki Egunari buruzko abesti bat eta bideoklip bat sortzen ari naiz. Barru-barrutik bizi izan dudan eguna da, eta nire omenaldia egin nahi diot. Txiki Egunari buruzko irudiak, argazkiak eta bideoak, behar ditut eta eskertuko nituzke niri bidaltzea nire helbidera: oiergurrutxaga@gmail.com