Haundik duintasunez esan dio agur igoerako ametsari, Hernaniren aurka luzapenean irabazita

Barren.eus 2021ko mai. 24a, 14:28

Ia ezinezkoaren bila joan zen Haundi Hernanira, eta gutxi falta izan zaio balentria osatzeko. Mintxetan jokatutako joaneko partida 0-2ko emaitzarekin galdu eta gero, emaitza berarekin amaitu ziren itzulerako neurketako arauzko 90 minutuak, zapatuan, Hernanin. Oraingoan, baina, elgoibartarren aldeko emaitzarekin. Hortaz, luzapenean erabaki zen final-laurdenetako kanporaketa.

Ibon Makazagak eta Eneko Basurtok sartu zituzten kanporaketa luzapenera eraman zuten Haundiren bi golak, 02-ko emaitzarekin amaitu baitziren arauzko 90 minutuak. Luzapenean Hernanik sartu zuen lehen gola, eta 1-2 jarri zuen markagailua. Haundik penaltiz lortu zuen hirugarren gola, eta 1-3ko emaitzarekin berea zen finalerdietarako sailkapena, kanpoan sartutako golek balio bikoitza dutelako. Luzapeneko azken bost minutuak tentsio handikoak izan ziren eta Haundiko hiru jokalari kanporatu zituen arbitroak, bigarrengo txartel horiak aterata. Luzapeneko azken minutuan sartu zuten hernaniarrek bigarren gol erabakigarria, area kanpotik eginiko falta jaurtiketa baten ostean. Hernanik gola egin eta gero zazpi bat minutuan luzatu zuen partida epaileak, baina markagailua ez zen aldatu, besteak beste, Haundik zortzi jokalari bakarrik zituelako berdegunean. Hala, 2-3 amaitu zen partida eta final-erdietarako sailkatzea lortu dute hernaniarrek.

Haundik harrotasunez eta duintasunez esan dio agur liga txapelketari, taldeko arduradunek aitortu duten moduan. "Pena handi bat izan da, inork uste ez zuenean esku-eskura eduki baitugu finalerdietarako sailkatzea", esan du C.D. Elgoibarreko presidente Jon Basurtok. Sentsazio gazigozoak laga dizkio kanporatzeak. "Partida amaitu berritan triste nengoen, zuloan, baina pozik era berean, denboraldi aparta egin baitute jokalariek eta entrenatzaileek".
Igoera lortzeko ametsa amaitu bada ere, liga txapelketa ez da amaitu oraindik Haundirentzat. Final-erdietarako sailkatzea lortu ez duten taldeek elkarren aurkako kanporaketak jokatuko dituzte bosgarren postua eskuratzeko lehian. Lehen kanporaketan Zarautz izango du aurkari Haundik.

Hernanik eta Haundik Zubipen jokatu zuten partidako golak ikus daitezke C.D. Hernanik sarera igo duen honako bideoan:

∞Lotura duten albisteak: