Gorane Ayesta: “Askotariko gorputzek dute lekua errugbian”

Barren.eus 2021ko mai. 14a, 08:13

Biokimika ikasketak egin eta Gizarte Hezkuntza ikasteari ekin zion ondoren Gorane Ayestak (Elgoibar, 1995), eta sasoi beretsuan deitu zuen Bera Bera emakumeen errugbi taldera ere, errugbia probatu nahiko lukeela esanez. “Parez pare” zabaldu zioten klubean atea, eta hain sentiarazi zuten etxeko, hain talde bateko kide, geroztik han dabilela, “ezin gusturago”. Aurten, Euskal Liga irabazi dute, eta asteburuan Ohorezko B Mailara igotzeko fasea jokatu dute Donostian. Ez dute igotzerik lortu, baina balorazio positiboa egin du Klubak. “Izugarri polita izan da”, aitortu du berak.

 

 • Euskal Liga irabazi duzue eta asteburuan Ohorezko B Mailara igotzeko fasea jokatu duzue. 5 urte bete berri dituen taldearentzako ez dira lorpen makalak! Zorionak!
Eskerrik asko. Faktore askok lagundu dute iritsi garen lekura iristen, baina bereziki batek: gogotik egin dugula lan. Gure onena eman dugu denok eta lortu dugu Euskal Liga irabaztea. Hego Euskal Herrikoak eta Logroñoko talde bat lehiatu gara ligan eta hori irabazi izanak eman digu aukera Ohorezko B Mailara igotzeko fasea jokatzeko. Asteburuan izan da hori eta zortzi talde lehiatu gara. Bakarrak zuen igotzeko aukera, baina, eta Valentziarrak igo dira. Guk, klubean, oso balorazio positiboa egin dugu gure lanaz, hala ere. Ikusi dugu ikasteko eta hobetzeko asko daukagula, baina hiru partidatik bat irabazi dugu, eta besteetan ere ez diegu erraza jarri aurkariei irabazteko. Ez genuen pentsatu ere egiten Euskal Liga irabaztea, ez eta igoera fasean izan ditugun aurkari gogorrak estu hartzeko moduan izango ginenik ere, baina lortu dugu. Eta horrez gain, asteburukoa antolatzeko izan dugun laguntza ere izugarria izan da. Boluntario asko gerturatu zaizkigu laguntzera eta klubeko beste taldeetako jokalariak ere bai. Hunkigarria izan da. Biharamunarekin gaude oraindik asko.

 • Hirugarren denboraldia duzu Bera Beran. Zer harreman izan duzu aurrez kirolarekin?
Eskola kirolean ibili nintzen umetan, eta eskubaloirako eman nuen izena gero, Sanlon. Euskal dantzetan ere umetatik ibili izan naiz. 14-15 urterekin, baina, Batxilergora iristean, eskubaloia laga nuen; dantzan jarraitu nuen, hala ere.

2021 05 13 gorane ayesta rugby jokalaria elgoibar barren baloiagaz

 • Noiz hasi zinen errugbian?
Donostiara Gizarte Hezkuntza ikastera joan nintzenean. Kirola egiten hasi nahi nuen, baina ez nekien zer. Auto istripua ere izan nuen, eta ia urtebete pasatu zitzaidan ezer egin gabe, baina aspaldian nenbilen ingurukoei errugbia probatu nahi nuela esaten, eta egun batean han etorri zitzaidan pisukidea egunkarian irakurri zuen kontu batekin. Bera Bera taldean taldekide bila ari zirela esan zidan eta deitu nuen, birritan pentsatu gabe. Lotsatuta deitu nuen, baina parez pare zabaldu zidaten atea, babestu ninduten, eta lehenengo entrenamendutik bertatik esan nien kontatzeko nirekin, jarraituko nuela. Aurrez ibili gabea nintzen sekula errugbian.

 • Nahi zenuen errugbian jokatu, baina bazen zerbait lotzen zintuena. Zer?
Ez neukan erreferente emakumezkorik. Errugbia maskulinizatutako kirola da. Badaude jendartearen pertzepzioaren arabera, kirol batzuk besteak baino maskulinoagoak direnak, indar fisiko handiagoa erabili behar delako edota kontaktu gehiago dagoelako. Sarri esan didate errugbia kirol biolentoa dela, baina niri ez zait hala denik iruditzen, biolentzia edo indarkeria oso bestela ulertzen ditudalako nik. Errugbian lantzen diren balioak beste batzuk dira. Errespetua, izan norberarekikoa, taldekideekikoa nahiz aurkariekikoa, beste ezeren gainetik dago errugbian. Baina bai, egia da emakumeoi ukatu izan zaizkigun gauzekin lotzen dela errugbia: indarrez jokatzea, tentsioz jokatzea... Estereotipoak hausteko daude, baina. Gurean ez du errugbiak beste herrialde batzuetan besteko tradiziorik izan, baina hemen ere ari da indarra hartzen emakumeen errugbia eta ari da ikusgarritasuna irabazten. Baina egia da oraindik errugbia aipatzen dugunean Zeelanda Berriko All Blacks-en hakak-ekin [Maorien kulturatik datorren gerrako kantua, Zeelanda Berriko selekzioak nazioarteko partidetan ereserkien ondotik eta hasierako sakea baino lehen aurkarien kontrako borrokarako dei moduan antzezten duena] lotzen dutela askok, edo bestela Samoako edota Hego Ameriketako errugbi jokalari gizonezkoekin, gizon indartsuekin.

 • Talde gaztea da zuena. Erronka nagusiena zein izan da?
Duela bost urte sortu zuten Bera Berako emakumeen errugbi taldea, eta duela lau hasi ziren lehiatzen. Kirol ezezaguna da oraindik errugbia, eta zer esanik ez emakumeentzat. Horregatik, ez da erraza izaten emakumeen errugbi taldea osatzea, eta are gutxiago egonkortzea. Hamabost jokalari behar dira taldea osatzeko gutxienez, eta jakina, ordezkoak ere behar izaten dira. Horregatik beti ari gara gu jendeari probatzera etortzeko esaten.

2021 05 13 gorane ayesta rugby jokalaria elgoibar bera bera taldea

 • Erreferenteen garrantzia aipatu duzu. Falta izan dituzulako?
Izan nituen gazteagotan lagunak errugbian ibilitakoak, mutilak denak, eta haiek izan dira errugbia probatzeko gogoa piztu didatenak, baina sekula ez nuen irudikatuko nire burua errugbian jokatzen, nire gorpuzkerarekin ez nuelako uste lekurik izango nuenik. Erreferenteak ezagutzeko aukerak eskura jarri behar ditugu. Bera Beran sartu nintzenean konturatu nintzen bagenituela hemen ere emakume erreferenteak, bageneukala non begiratu, baina ordura arte ez nekien. Hor dauzkagu Baionako neskak edota Espainiako selekziokoak [Las leonas], adibidez.

 • Kontzientzia feminista baduzu zuk. Errugbian hasteko gogo horren atzean bazen estereotipoak hautsi nahi bat?
Nik uste dut baietz, baina ez modu kontzientean. Beti gustatu izan zait nire gorputza proban jartzea eta beste egoera batzuetan ikustea, eta errugbiak emakumeoi ezartzen dizkiguten muga zurrun horiek apurtzeko balio izan dit, ahalduntzeko. Garbi ikusten da errugbian askotariko gorputzek dutela lekua. Behar ditugu arinagoak, baloia hartu eta ihes egiteko, behar ditugu sendoagoak, pisutsuagoak... denok daukagu lekua. Baina zuk diozun kontzientzia feminista hori oso presente dago. Gurea errugbi taldea izateaz gain, borroka taldea ere bada.

 • Zenbat eskaintzen diozu errugbiari?
Elgoibarren bizi naiz eta astearte eta ostegunetan joaten naiz entrenatzera Donostiara, baina egon gara asteazkenetan joaten ere. Eta horrez gain gimnasiora ere joaten naiz. Badaude, hala ere, gehiago ematen duten taldekideak. Klubeko bestelako lanetan ere aritzen dira batzuek, edota gazteagoak entrenatzen.

 • Mexikon ere ibili zinen aldi batez ikasten, eta han ere topatu zenuen errugbian non jokatu, ezta?
2020ko urtarriletik irailera izan nintzen Mexikon Erasmusekin eta unibertsitateko taldean jardun nintzen han entrenatzen. Futbol amerikarreko zelai ondoan entrenatzen ginen, zaindu gabeko zelai lehor batean. Adierazgarria zen.

 • Ba al du han errugbiak tradiziorik?
Futbol amerikarra da han izarra. Badaude taldeak eta selekzioa ere badute, baina ezberdina da. Han, zazpi jokalarikoak dira taldeak. Jokoa erabat ezberdina da zazpirekin jokatu edo hamabostekin. Zazpirekin askoz joko azkarragoa da. Denboraldia amaituta, zazpikorako entrenatzen hasiko gara gu ere.