Haundik 0-2 galdu du joanekoan

Barren.eus 2021ko mai. 8a, 20:19

Bero itogarria egiten zuela jokatu dute Haundik eta Hernanik final-laurdenetako kanporaketako joanekoa Mintxetan, eta bi goleko errenta eskuratu dute bisitariek. Hala, ezinezkoaren bila joan beharko dute elgoibartarrek Hernanira. Gaur lortu duten abantailaz gainera, igoera lortzeko faborito argietako bat baita Hernani.

Termometroak 30 gradu markatzen zituela jokatu dute Haundik eta Hernanik elkarren arteko kanporaketako lehen neurketa, 16:30ean hasita. Beroa zela eta zati bakoitzean atsedenaldi bat hartzeko aukera eduki dute, baina jokalariek igarri dute beroaren eragina. Asko izan dira giharreko arazoak izan dituztenak eta erdi zorabiatuta ere laga behar izan du jokalari batek berdegunea.

Lehen zatia golik gabe amaitu da eta bigarren zatiaren hasieran markagailuan aurreratzeko bi aukera argi izan ditu Haundik jarraian. Hortik aurrera partidaren kontrola berreskuratu du Hernanik. 68. minutuan etorri da bisitarien lehen gola. Hernaniko aurrelari Manex Iradik egin du gola. Golpe handia izan da Pablo Turrillasen mutilentzat, eta hurrengo minutuetan gertuago zirudien Hernaniren golak Haundiren berdinketak baino. Talde sendoa dela erakutsi du Hernanik eta abantailari eusteaz gainera erasoan jarraitu dute. Azken hamar minutuetan bi gol aukera argi eduki dituzte baina Haundiko atezainak eta defentsak eragotzi dute. Aldiz, 90 minutuan ezin izan dute Olivenza jokalariak korner baten ostean area txikitik egin duen errematea gelditu eta bigarren gola sartu dute bisitariek.

Bueltako neurketa maiatzaren 15ean, zapatua, jokatuko dute Hernaniko Zubipe futbol zelaian, 17:00etan.

2021 05 08 haundi vs hernani mintxeta 0 2 barren 1

2021 05 08 haundi vs hernani mintxeta eguzkia barren

∞Lotura duten albisteak: