'Ez aitzaki ta ez atxiki' abestia sortu du Oier Gurrutxagak pilota munduko gorabeherez

Barren.eus 2021ko mai. 7a, 20:26

Esku pilotari buruzko abestia sortu du Oier Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Dido Mod izen artistikoarekin. Zapatuan estreinatuko du 'Ez aitzaki ta ez atxiki' abestia, domekan jokatuko duten 2021eko Binakako Finalaren atarian.

Elezkanok eta Zabaletak Peña eta Albisu izango dituzte aurkari Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko duten finalean. Gurrutxagak, baina, azken hilabeteetan pilota profesionalaren inguruan jazotako gertakariak eta eztabaidak izan ditu hizpide abestian, urak nahasita egon baitira azken aldian. Baiko enpresako pilotari talde batek esaterako, “pilotaren alde zerbait egiteko garaia” zela adierazi zuen, Victor, Eskiroz, Mariezkurrena eta Laso pilotariei euren lan harremanak ez berritzeko erabakiak hautsak harrotu ostean. Gurrutxaga bera epaile lanetan aritu da hainbat hilabetez, baina “injustiziaz” nola kaleratu zuten ere aipatzen du abestian. Bertsoak eta rapa uztartzen dituen abestia dela azaldu du elgoibartarrak eta doinua berak sortutakoa dela azpimarratu du.

Gurrutxagak berak Deban sortu duen Brosoma Produktions estudioan grabatu du abestia eta Brosoma Produktions-ek Youtuben duen kanalean estreinatu du abestia. "Ez da polemikarik faltako, ay pilota mundua!" esan du abestiaren estreinaldiaren harira.

2021 05 06 ezaitzakitaez atxiki oier gurrutxaga dido mod azala

∞Lotura duten albisteak: