Alcortak porrot mingarria jaso du Errioxan, baina aurkarien miresmena eskuratuta

Barren.eus 2021ko api. 26a, 18:12

Mailari eusteko partida erabakigarria zuten jokoan Alcortak eta Asfaltos Redondo Solozabal talde errioxarrak, Navarreten (Errioxa, Espainia) zapatuan jokatu zuten partidan. Errioxarrak gailendu ziren azken sailkatuen arteko lehian, baina kiroltasunez goraipatu dute Alcortako atezain Iñigo Mugerzak eginiko geldiketa hirukoitza, "maila honetan sekula ikusi duten geldiketa onena", euren ustez.

 Izan ere, jokaldi berean eta bost segunduko tartean, hiru geldiketa egin zituen Iñigo Muguerzak, aurkariek abantaila guztia zutenean gainera, sei metrotatik eta bakar bakarrik egin baitzituzten hiru jaurtiketak. Navarrete kirol taldeak twitter bidez zabaldu du atezain elgoibartarrak eginiko jokaldia (ikus hemen Iñigo Mugerzaren geldituak), eta Lehen Nazional Mailan ikusi duten geldiketa hirukoitz onena izan dela idatzi dute, txundituta. "Aulkian zeuden gure jokalariak eta harmailetan zeuden ikusleak ere altxarazi zituen geldiketa hirukoitzak, txalo egiteko. Bide batez animoak eman nahi dizkizuegu, aurkari benetan duina izan zaretelako eta kiroltasun osoz jokatutako partida izan delako. Oraindik ez da txapelketa bukatu", esan dute.
Espainiako Eskubaloi Federazioak ere bertxiotu du geldiketen bideoa bere Twitterreko kontuan, eta izan duen zabalpenari esker, ikustaldi mordoa izan ditu.
 • Mailari eusteko azken aukerak
Etxeko taldeak eta Alcortak, orain gutxi estreinatu duten Maria Ramirez de Navarrete kiroldegian jokatu zuten mailari eusteko partida erabakigarria. Asfaltos Redondo Solozabal taldeak hasieratik hartu zuen aldea markagailuan eta amaieraa arte eutsi zioten alde horri. 26-22 izan zen azken emaitza. (Youtuben dago ikusgai partida osoa)

Hala, orain, Navarreteko taldeak sei puntuko aldea ateratzen die sailkapeneko azken postuan den Alcortari eta azkenaurrekoan dagoen Huescako Avefor taldeari, abantaila ia gaindiezina zuloan dauden taldeentzat, oraindik aukerak dituzten arren. Alcortari bost partida gelditzen zaizkio liga bukatzeko eta 5 puntu dituzte sailkapenean. Postu bat gorago, 15. postuan, da Avefor Huesca, horiek ere 5 punturekin. Asfaltos Redondo Solozabal Navarrete taldeak 11 puntu ditu orain, 14. postuan, eta 20 puntu ditu maila galtzeko arriskutik kanpo den Dominicos Zaragoza taldeak, 13. postuan. Azkenengo bi sailkatuek galduko dute maila.

Alcortak Egia Teila Fabrika talde donostiarraren bisita jasoko du zapatuan Olaizaga kiroldegian.