Imanol Alvarez: "Profesionaletarako aukera gehiago daude egon, baina balio dugula erakutsi behar dugu"

Barren.eus 2021ko api. 23a, 06:58

Imanol Alvarez futbolean saiatu zen lehenengo, baina 10 bat urterekin Elgoibarko Lagun Taldea txirrindularitza eskolan eman zuen izena, eta geroztik, ez dio pedalak emateari laga. Mailaz maila egin du gora eta aurtengoa laugarren urtea du afizionatuetan. Eiser Hirumet taldean ari da egun, taldeburu eta emaitza onak pilatzen, eta Abiatzen Torneoan lider da une honetan. Zaila dela aitortu arren, helburua garbi du: “Urte amaieran profesionaletara salto egitea”.

 

 • Futbolak duen indarrarekin, zuk txirrindularitzarako pausoa eman zenuen alebinetan. Zerk bultzatu zintuen?
Ez dakit, baina esango nuke Elgoibarko Lagun Taldean topatu nuen talde giroak zeresan handia izan zuela. Txirrindulari asko ginen taldean, hamabost bat bai, eta egunero ibiltzen ginen bizikletaz hara-hona. Jolasa zen guretzat. Herri Eskolan nenbilela, eskolara ere etortzen zitzaizkigun errepideko bizikletak erakustera eta probatzeko aukera ematera, eta gustatu egin zitzaidan. Futbola eta txirrindularitza oso kirol ezberdinak dira. Bizikletan gehiago entrenatu behar da, baina egun guztiak ezberdinak dira.

2021 04 23 imanol alvarez txirrindularia elgoibar idotorbe arg BARREN h1

 • Etxeko bultzada garrantzitsua izan ohi da edozertarako. Eta zuenean bada bizikletarako afizio handia duenik.
Hori ere bai. Gorkak [Zabala] erakutsi zidan errepideko bizikleta bat estreinakoz eta bere bizikletarekin hasi nintzen entrenatzen ere. Mendaroko industrialdera joaten ginen hasieran eta han ibiltzen ginen bueltaka. Errepiderako saltoa ere bere eskutik eman nuen.

 • Duela 8 bat urte elkarrizketatu zintugun BARRENerako, Mendaron jokatutako lasterketa baten harira. Espero zenuen iritsi zaren mailaraino iristea?
Bizikletan ibiltzea beste ametsik ez nuen nik orduan. Lasterketetan beti moldatu naiz nahikoa txukun, baina ez, ez nuen espero, eta are gutxiago aurten eman dudan aurrerapauso hau ematea.

 • Afizionatuetan laugarren urtea duzu hau, eta denboraldi hasiera ezin hobea ari zara egiten. Caja Laboral taldea utzi eta Eiser Hirumeten hasi duzu denboraldia. Bateratsu etorri da gorakada ere. Eraginik izan du talde aldaketak?
Elgoibarko Lagun Taldean ibili nintzen jubeniletan eta Ampo Goierri Txirrindularitza taldeak eman zidan gazte mailatik afizionatuetarako jauzia emateko aukera. Iaz, Laboral Kutxa izena hartu zuen talde horrek, baina azkenean hiru urte egin ditut eurekin afizionatuetan eta eskerrak baino ezin dizkiet eman. Oso eskertua natzaie afizionatuetara salto egiteko aukera emateagatik eta hiru urte hauetan emandako guztiagatik. Egia da, baina, orain arte beti izan ditudala taldean ni baino gehiago ziren txirrindulariak eta haientzako lan egitea egokitu zaidala gehiago. Txirrindularitza hori da. Batek irabazten du, baina poztu talde osoa pozten da. Euskadiko Txapelketa eta lasterketa batzuk ere irabazi genituen guk. Egia da, era berean, iaz, buruz ez nengoela beharbada orain bezain ondo prestatuta, bestela, formaz, oso ondo nengoelako, baina aurten txip hori aldatu dut eta emaitza ematen ari da. Gainerakoan, ezer gutxi aldatu dut, berdin entrenatzen naizelako. Aurten askatasun handiagoa daukat. Eiser Hirumet taldeak konfiantza handia jarri du nigan, bai zuzendariek eta baita taldekideek ere, eta momentuan ondo ari naiz erantzuten, nahiz ez dudan oraindik eskuak altxatzerik lortu.

2021 04 23 imanol alvarez txirrindularia elgoibar idotorbe zibil arg BARREN

 • Eta horrek, taldeak norberarengan sinesteak eta norbera emaitzekin erantzuteko gai dela ikusteak ere, hauspotuko du bat, ala?
Bai, jakina. Negutik ari dira konfiantza osoa nigan jartzen eta eskertzekoa da. Hasierako entrenamenduetan ere ondo ikusten nintzen, erantzuteko moduan, baina batez ere Aiztondo Klasikoan ikusi nuen nire burua aurrean lehian. Gero, hirugarren egin nuen Gorlako Igoeran eta geroztik oso indartsu sentitzen naiz. Gozatzen ari naiz egia esan.

 • Eta horren adibide da Valentziaga Oroitzarrean lortutako zazpigarren postua. Afizionatuen mailako estatuko probarik garrantzitsuenetakoa da Valentziaga Oroitzarrea, eta estatuko elite mailako eta 23 urtez azpiko txirrindulari onenak biltzen ditu urtero. Nola ikusi zenuen zeure burua?
Oso urduri hasi nuen eguna. Eguraldi txarra ere egin zigun, eta ez nuen ondo hasi eguna, lasterketa hasteaz batera jausi egin nintzelako eta gurpila apurtu, baina zorionez, ez nuen minik hartu. Eroriko asko izan ziren egun horretan, eta horietako batean ukolondoa apurtu zuen Laboral Kutxan hiru urtez taldekide izan nuen Asier Etxeberriak. Pena handia hartu nuen, baina txirrindularitza halakoxea da. Helburu bat jarri nion neure buruari: erorikoak saihestea eta lehenengo hiru orduetan ondo jatea, ondo hidratatzea eta indarrak gordetzea. Ixuara hogei laguneko taldetxo batean iritsi nintzen, baina beherakoan utzi genituen batzuk atzean eta zortzi lagun iritsi ginen lasterketa buruan Etxebarrira. Eta azkenean, zazpigarren helmugaratu nintzen Arraten. Gauza handia da Valentziaga Oroitzarrean zazpigarren egitea, baina maila horri eutsi egin behar zaio orain. Urte erdi ona egin arren, gero mailari eusten ez bazaio, jai dagoelako hemen.

 • Tira, ez da lasterketa bateko kontua. Abiatzen Torneoan liderzara oraintxe.
Bai. Hamalau lasterketa batzen ditu Abiatzen Torneoak. Momentuz, erdiak inguru jokatu ditugu, eta lider nago, bigarrenarekiko alde txikiarekin. Gauza handia da, baina lidergoa mantentzea izango da orain zaila. Ea gai garen!

 • Profesionaletara salto egitea izango duzu helburu nagusitzat, baina epe motzera zer beste duzu begiz jota?
Helburua erregulartasun honi eustea da. Azkeneko hilabetean ez naiz bederatzigarren postutik jaitsi eta birritan igo naiz podiumera (hirugarren egin du bietan). Maila horri eutsi nahi nioke, eta ahal bada, lasterketaren bat irabazi. Urte amaieran profesionaletara salto egitea dut helburutzat, baina oso-oso zaila da. Bitartean, Bidasoa Itzulia daukat begiz jota. Bi aste barru jokatzekoa zen berez, baina oraindik ez dakigu jokatuko den. Eta Santikutz proba irabaztea ere nahi nuke.

 • Norbaitek pentsa dezake Laboral Kutxan jarraitu bazenu aukera handiagoa izango zenukeela lehen mailara saltoa egiteko, Euskadi Fundazioaren filiala delako Laboral Kutxa. Zer diozu?
Filiala izanda, beharbada erraztasun handiagoa izan dezakete Laboral Kutxan dabiltzanek, baina haiek ere berdin-berdin lan egin behar dute gora igotzeko. Maila eman behar da hemen, batean zein bestean, eta erregularra izan beharra dago Euskaltelera zein beste edozein taldetara salto egiteko.

 • Zuen egutegitik kanpo, baina Elgoibarren bertan badaukagu proba mitiko bat: Idotorbeko Igoera. Bigarren egindakoa zara. Ez al dizu tentatzen?
Bai, orain dela hiru urte bigarren egin nuen eta nahi nuke noizbait irabaztea. Ia aurten antolatzen duten eta egutegian libre daukadan eguna, parte hartzeko, errekorra ontzeko irrikaz nago eta. Oso igoera gogorra da. Plazatik irten eta hamabi minutuan iritsi beharra dago gora. Dena eman behar da bidean, eta ikusi besterik ez dago nola iristen diren guztiak: hustuta. Entrenamendu batean hiru segundogatik ez nuen lortu errekorra ontzea, eta ez izan zalantzarik saiatuko naizena.

 • Zer ezaugarritako txirrindularia zarela esango zenuke?
Mendate luze eta gogorretan moldatzen naiz ondoen; errepidea tentetzen denean. Eskasen esprinean ibiltzen naiz. Atzo ere hiru heldu ginen esprinean eta hirugarren egin nuen. Badaukat zer hobetu.

2021 04 23 imanol alvarez txirrindularia elgoibar idotorbe arg BARREN

2021 04 23 imanol alvarez txirrindularia elgoibar barren herria