Eibarren aurkako derbia galdu arren, Haundik mailaz igotzeko kanporaketak jokatuko ditu

Barren.eus 2021ko api. 19a, 18:26

Ohorezko Erregional Mailako Liga txapelketa motza da aurten, eta aurki jakingo dira igotzeko kanporaketarako sailkatzea jokatuko duten taldeak zein izango diren, hain justu ere, datorren asteburuan jokatuko den azken jardunaldian. Haundik, Eibarren aurka galdu arren, lortu du hurrengo faserako txartela.

Haundik 3 eta 1 galdu zuen joan den zapatuan Eibar liderraren aurka Mintxetan jokatu zuten partidan. Golik gabeko berdinketarekin amaitu zen lehen zatia. Markagailuan moduan, parekatua izan zen bi taldeek berdegunean eskaini zuten jokoa ere. Aldiz, bigarren zatian erasokorrago zelairatu ziren eibartarrak, eta nagusi izan ziren. Hiru gol sartu zituzten (Pablok, Alvarok eta Jonlok) eta penalti bat ere gelditu zuen Haundiko atezainak. Eneko Basurtok sartu zuen etxekoen aldeko gol bakarra, penaltiz.

Haundiren multzoan zortzi talde ari dira lehian eta lau onenek eskuratuko dute igotzeko kanporaketak jokatzeko txartela. Une honetan Ohorezko Erregional Mailako sailkapeneko hirugarren postuan sailkatuta dago Haundi, 10 punturekin. Eibar dago lehen postuan 15 punturekin, eta Bergara bigarrengoan 11 punturekin. Laugarren dagoen Aretxabaletak 9 puntu ditu, Haundik adina, baina partida guztiak jokatuta dituzte. Mutrikuk ere bederatzi puntu ditu sailkapenean, eta bosgarren postuan daude sailkatuta. Hortaz, Haundik ziurtuatuta dauka igotzeko kanporaketarako sailkatzea, azken jardunaldia bakarrik falta baita. Erabakitzeko dagoena da ze postutan sailkatuko den, eta horren arabera jakingo dute finalaureko kanporaketan beste multzoko ze talde izango duen aurkari. Final laurdenak eta final erdiak joan-etorriko kanporaketara jokatuko dituzte, eta finala partida bakarrera. Azken jardunaldian S.D. Urola taldearen aurka jokatuko du Haundik, datorren zapatuan (16:30), Zumarragako Argixao futbol zelaian.

Hona C.D. Elgoibarreko taldeek asteburuan jokatutako partiden emaitzak:

  • HAUNDI 1-3 EIBAR
  • MUTRIKU 2-0 ELGOIBAR (Emak. senior)
  • LAGUN ONAK 5-0 OHOREZKO JUBENILAK
  • 1.MAILAKO JUBENILAK 5-1 EUBARTARRAK
  • ARRASATE 1-2 OHOREZKO KADETEAK

Asteburuan C.D. Elgoibarreko bi taldek jokatuko dituzte euren partidak Mintxetan. Emakumezkoen senior taldeak Goierri Gorri taldearen aurka jokatuko du zapatuan, 16:00etan. Ohorezko Jubenil mailako taldeak ere zapatuan jokatuko du, 11:00etan, Debako Amaikak Bat taldearen aurka.

2021 04 17 haundi vs eibar mintxeta elgoibar penaltia enekobasurto barren

2021 04 17 haundi vs eibar mintxeta elgoibar falta barren

∞Lotura duten albisteak: