Gojko Vucinic gogoan izan dute Alcortaren partidan, garaipena eskaini ezin izan badiote ere

Barren.eus 2021ko api. 17a, 19:39

Partida berezia jokatu du gaur arratsaldean Alcorta Forging Groupek, zendu berri den Gojko Vucinicek entrenatzen zuen taldeak. Sanlok omenaldia egin dio klubeko jokalari, entrenatzaile eta kirol zuzendaria izan denari Nafarroako Beti Onak taldearen aurkako partida hasi aurretik. Era berean, Euskadiko Eskubaloi Federazioak ere izan du gogoan Vucinic, Euskadiko hautatzailea izan baitzen; eta, Euskal Ligako partida guztietan egingo dituzte minutuko isiluneak asteburu honetan.

Ekitaldi xume eta hunkigarria prestatu du Sanlok joan den eguenean zendu zen Gojko Vucinic omentzeko. Bere herrialdeko, Montenegroko, selekzioaren txandalarekin ageri zen argazki baten inguruan hainbat lora sorta ipini dituzte Olaizagako kantxan, eta baita Vucinicek Montenegroko eskubaloi selekzioarekin jantzi zuen kamiseta bat ere. Sanloko jokalari gaztetxoek ikurriña eta Montenegroko bandera bat ere eraman dituzte ekitaldira. Alcortako jokalariek eta gaur aurkari izan duen Beti Onak taldeko jokalariek minutu bateko isilunea egin dute gero, Gojko Vucinicen alde. Bere emazte Natasak, Elgoibarko Udaleko ordezkariek (Gorka Garaizabal eta Ramon Mugica) eta Sanlokoek ere hartu dute parte, tartean Aitor Urain egungo presidenteak, Cesar Arriola aurrekoak eta Vucinic Sanlora ekarri zuen Juanma Lopezek.

2021 04 17 gojko vucinic omenaldia sanlo lorak barren

2021 04 17 gojko vucinic omenaldia sanlo barren

Elgoibarren egin duten moduan, asteburu honetan jokatuko dituzten Euskal Ligako partida guztietan egingo dituzte Gojko Vucinicen aldeko minutu bateko isiluneak, Euskal Eskubaloi Federazioak hala eskatuta, euskal selekzioko hautatzailea izan baitzen Vucinic.
Gaurko partida berezia eta emozioz betea izan da Alcortako jokalarientzat, eta saiatu dira orain gutxira arte entrenatzaile izan zutenari garaipena eskaintzen. Gogotik ahalegindu dira eta partida estua jokatu dute Beti Onak talde nafarraren aurka. Gol bateko errenta eraman dute nafarrek atsedenaldira eta bigarren zatian parekotasunak jarraitu badu ere, Atarrabiako taldeak lortu du garaipena, 25-27ko emaitzarekin. Entrenatzaile postuan Vucinic ordezkatu duen Zigor Esnaolarentzat ere berezia izan da partida, eta Montenegroko selekzioko elastikoa jantzita gidatu du taldea gaurkoan, laguna gogoan.

Vucinic Sanlo kirol taldeko erreferenterik garrantzitsuena izan dela urte askoan adierazi dute klubeko arduradunek. "Eskubaloiaren kirol eta giza balioak ezin hobeto irakatsi eta transmititu dizkie neska mutilei. Pertsona ederra joan zaigu, eskubaloia pasioz bizi zuena eta pasio hori kutsatzen zekiena. Sanlok eta Elgoibarko kirolak ez zaitu inoiz ahantziko", esan dute.

2021 04 17 gojko vucinic omenaldia sanlo vs betionak jauzia barren

2021 04 17 gojko vucinic omenaldia sanlo vs betionak barren

2021 04 17 gojko vucinic omenaldia sanlo vs betionak ag barren

∞Lotura duten albisteak: